Mundua -
Aireko erasoa
14tik gora hildako Siriako aireportuaren aurkako eraso batean
Siriak zein Errusiak Israeli egotzi diote bonbardaketa. Gaur, NBEko Segurtasun Kontseilua biltzekoa da, Siriako egoera aztertzeko.
agentziak
14 pertsona hil eta hainbat zauritu dira Al Taifur Siriako aireportu militarraren aurka misilekin egindako erasoan, Homs probintzian, SANA Siriako albiste agentziak eta iza Eskubideen Behatoki Siriarrak jakinarazi duenez.
"Hildakoak eta zaurituak misilekin Taifurreko aireportuaren aurkako eraso batean. Aireko erasoen aurkako armek oldarraldia geldiarazi zuten, baina hainbat bonbek igarotzea lortu dute", esan du iturriak, SANAren arabera.
Agentziak gaineratu duenez, zortzi misil jaurti dituzte instalazio horien aurka.
Siriako agintariek Israeli egotzi diote aireko basearen aurkako erasoa.
Armadaren esanetan, Siriako telebista ofizialaren arabera, Israelen gerra hegazkinek zenbait misil haurti dituzte aireportu militarraren aurka.
Ildo beretik jo du Errusiak: "Apirilak 9an, Moskuko 03:25 eta 03:35 artean (02:25 eta 02:35, Euskadin) Israeleko Aireko Indarren bi F-15 hegazkinek zortzi misil jaurti zituzten Al Taifurren aireportuaren aurka, aire espazio siriarrean sartu gabe, Libiatik", esan du Errusiako Defentsa Ministerioak ohar baten bidez.
Errusiaren hitzetan, Siriako aireko erasoen aurkako unitateek zortzi misiletatik bost suntsitu zituzten.
"Hiru bonbak aireportuko ekialdeko sektorea jo zuten. Ez dago Errusiako biktimarik", Defentsa Ministerioak zehaztu duenez.
Otsailaren 18an, Israelgo hegazkinek aireportu beraren kontrako erasoa egin zuten, hain zuzen, Siriako Irango eta Hizbulako indarrak batzen diren lekuan, Giza Eskubideen Behatoki Siriarraren esanetan.
Orduan, albiste agentziak "etsai israeldarra" identifikatu zuen, oldarraldiaren egiletzat.
AEBk ukatu dute parte hartu izana
Pentagonoak ziurtatu duenez, Estatu Batuak ez dira "une honetan" inolako aire erasorik egiten ari Sirian, eta ukatu du Homesen basearen aurkako erasoan parte hartu izana.
"Une honetan, Defentsa Departamentua ez da Sirian aire erasorik egiten ari", azaldu dute agintari estatubatuarrek ohart baten bidez.
Premiazko batzarra
Nazio Batuen Segurtasun Batzordeak premiazko bilera deitu du astelehen honetarako Siriako egoera aztertzeko asmoz. AEBetako misioak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Segurtasun Batzordea osatzen duten 15 kideetatik 9k eskatu dute bilera: Frantzia, Erresuma Batua, AEB, Polonia, Herbehereak, Suedia, Kuwait, Peru eta Boli Kosta, hain zuzen ere.
"Hainbat txostenek diotenez, arma kimikoekin egindako erasoa izan omen da Sirian. Zibilak zauritzeko eta hiltzeko arma kimikoen erabilera ohikoa bihurtu da Sirian", deitoratu du Nikki Haley enbaxadore estatubatuarrak.