Mundua -

Siria

Duman eraso kimikoa gertatu dela salatu dute Siriako matxinoek

Kasko Zuriak erreskate taldeak emandako informazioaren arabera, gutxienez 40 pertsona hil eta ehunka zauritu dira.

Eraso kimikoa Duman. EFE
Eraso kimikoa Duman. EFE
Siriako oposizioak arma kimikoekin egindako eraso bat salatu du

1:10

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yaish al Islam talde matxinoak Siriako Duma hirian eraso kimikoa egin izana leporatu dio Al Asaden Gobernuari, produktu kimikoak zituen upel leherkariak erabilita. Errebeldeen arabera, 500 zibil baino gehiago zauritu dira erasoaren ondorioz. Bestalde, Kasko Zuriak Gobernuz Kanpoko Erakundearen esanetan, gutxienez 70 pertsona hil dira.

SANA Siriako informazio agentzia ofizialak, ordea, Al Asaden armadak ez duela inolako zerikusirik defendatu du, "Duman arma kimikoak erabili izana leporatzea Armadak aurrera ez egiteko saiakera baino ez dela" argudiatuta. Izan ere, Siriako soldaduek errebeldeen aurkako erasoa abiatu zuten eremu horretan.

Horrez gain, Siriako agintariek Islamaren Armada talde islamiarrarekin akordioa lortu dutela iragarri dute igande honetan, Duman bakea ezartzeko, Ekialdeko Ghoutan errebeldeen esku dagoen azken gunean, alegia.

Premiazko batzarra

Nazio Batuen Segurtasun Batzordeak premiazko bilera deitu du astelehen honetarako Siriako egoera aztertzeko asmoz. AEBetako misioak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Segurtasun Batzordea osatzen duten 15 kideetatik 9k eskatu dute bilera: Frantzia, Erresuma Batua, AEB, Polonia, Herbehereak, Suedia, Kuwait, Peru eta Boli Kosta, hain zuzen ere.

"Hainbat txostenek diotenez, arma kimikoekin egindako erasoa izan omen da Sirian. Zibilak zauritzeko eta hiltzeko arma kimikoen erabilera ohikoa bihurtu da Sirian", deitoratu du Nikki Haley enbaxadore estatubatuarrak.

Haleyk adierazi duenez, Segurtasun Batzordeak "lehenbailehen bat eskatu behar du larrialdietarako zerbitzuetarako sarrera, jazotakoa argitzeko ikerketa independentea eta erantzukizunak zuritzea".

Dumako eraso kimikoa baieztatuz gero, nazioarteko erantzuna beharrezkoa izango dela ziurtatu du AEBk

AEBko Estatu Departamentuaren esanetan, Siriako Duma hirian eraso kimikoa gertatu dela dioten informazioak baieztatzen badira, "nazioarteak erantzun egin beharko du berehala".

Donald Trump presidente estatubatuarrak, bere aldetik, Vladimir Putini eta Irani leporatu die erasoaren ardura, Bachar Al Asaden Gobernua babesteagatik.

Errusiak ukatu egin du Siriako Armadak Duman kloro gasa jaurti izana

Siriako Adiskidetzerako Zentro Errusiarrak ezeztatu egin du Siriako Armadak Duman kloro gasa jaurti izana. Agintari errusiarren iritziz, mendebaldeko potentzien amarru bat baino ez da hirian babestuta dagoen Jaish al Islam talde matxinoarekin negoziazioak eragozteko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gerra Siria Gaurko azken orduko albistea Gobernuz Kanpoko Erakundeak Zer ari da gertatzen Sirian?