Mundua -
Venezuela
Espainiako enbaxadoreak 72 ordu ditu Venezuelatik alde egiteko
Espainiako enbaxadorea pertsona 'no grata' izendatu zuen ostegunean Venezuelako Gobernuak, Espainiako Exekutiboaren "eraso eta esku-sartze etengabeengatik".
Agencias | Redacción
Venezuelako Gobernuak 72 ordu eman dizkio Jesus Silva Fernandez Espainiako enbaxadoreari herria uzteko, Espainiako iturri diplomatikoek jakitera eman dutenez.
Jesus Silva Fernandez Espainiako enbaxadorea pertsona 'no grata' izendatu zuen atzo, osteguna, Venezuelako Gobernuak, Espainiako Exekutiboaren "eraso eta esku-sartze etengabeengatik".
"Venezuelako Gobernu Bolivartarrak Jesus Silva Fernandez Espainiako Erresumaren Enbaxadorea pertsona No Grata izendatzea erabaki du", Jorge Arreaza Atzerri ministroak agiri batean adierazi zuenez.
Venezuelako Gobernuak, alde batetik, Europar Batasunak Venezuelako zazpi goi-karguduni, Diosdado Cabello chavismoaren bigarrenari esaterako, aste honetan ezarritako zigorrak kritikatu ditu, eta bestetik, Madrilek AEBren "agindu lotsagarriak" betetzen dituela salatu du.
Espainiako enbaxadorearen kaleratzeak bi herrien arteko tentsio diplomatiko areagotu du. Ministroen Kontseiluak Venezuelako Gobernuaren erabakiari erantzungo dio gaur, "elkarrekikotasun neurri proportzionalekin", Alfonso Dastis Atzerri eta Kooperazio ministroak ostegunean iragarri zuenez.
Hori horrela, Gobernuak ez du argitu Mario Isea Venezuelako enbaxadorea Espainian kaleratuko duten, baina bere Gobernuak kontsultarako deitu zuen asteazkenean.
Hau guztia, alde batetik, EBk Venezuelako Gobernuaren zazpi goi-karguduni zigorrak ezarri ostean heldu da, eta bestetik, presidenterako hauteskundeak apirilaren 30a baino lehen egitea erabaki ostean.
EBk enbaxadorearen kaleratzea gaitzetsi du
Jesus Silva Fernandez Espainiako enbaxadorea kaleratzeko Venezuelako erabakia "erabat" gaitzetsi du Europar Batasunak. Halaber, bere solidaritatea erakutsi dio Espainiari eta Venezuelako Gobernuari erabakia atzera botatzeko eskatu dio.
"Espainiako enbaxadorea pertsona 'no grata' izendatu izana gaitzesten du EBk. Gure solidaritatea erakutsi nahi diogu Espainiari eta erabakia atzera botatzeko eskatzen diogu Venezuelari, erabaki hori bide diplomatikoak zabalik mantentzearen aurka baitoa", esan du Catherine Ray Europako Batzordeko Atzerriko bozeramaileak jakinarazi duenez.