Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Hesiaren truke, agiririk ez duten 1,8 milioi lagun legeztatzea proposatu du Trumpek
AEBko presidenteak lege bat eskatu dio Kongresuari, xede izanik 'dreamers' izenekoek aukera izatea herritartasun estatubatuarra 10-12 urteren buruan eskuratzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak migrazioaren gaineko erreforma baten proposamena egin dio herrialdeko Kongresuari; hain zuzen ere, erreforma horrek aukera emango lieke agiririk ez duten eta AEBra umetan iritsitako 1,8 milioi laguni herritartasun estatubatuarra eskuratzeko, eta, horren trukean, Kongresuak baimenduko luke 25.000 milioi dolar erabiltzea AEBk Mexikorekin duen mugako harresia eraikitzeko, bai eta mugetako segurtasuna sendotzeko ere.
Egun, AEBn DACA izeneko programan 690.000 gazte daude; horiek dira, hain zuzen, "ameslariak" edo "dreamers" izenekoak. Lan egiteko aukera dute, eta ez dute arriskurik deportatuak izateko; izan ere, haurtzaroan heldutakoentzako DACA deritzon programaren babesa dute. DACA martxoan geratuko da bertan behera, Trumpek hala erabakita. Presidentearen erreforma-proposamenean, aldiz, 1,8 immigranteentzako tokia legoke.
Etxe Zuriaren hainbat goi-funtzionariok jakitera eman dutenez, Trumpek Kongresuari eskatu dio lege bat onar dezan "ameslariek" 10-12 urteren buruan izan dezaten aukera herritartasun estatubatuarra eskuratzeko. Horretarako, baldintza batzuk bete beharko lituzkete; besteak beste, lana, hezkuntza eta portaera moral egokia izatea.
Horren trukean, 25.000 milioi dolar eskatu dio Kongresuari, Mexikoko mugan egin nahi duen harresia eraikitzeko, AEBk Kanadarekin duen mugan “hobekuntzak” inplementatzeko, eta kontrol-kokalekuak berriztatzeko; kokaleku horiek pertsonen eta merkantzien mugimendua arautzen dute.
Presidenteak, halaber, "aniztasunerako bisa-loteria" izenekoa bertan behera uztea eskatu du; horren bidez, urtero milaka bisa ematen dira, 50.000 ere, AEBrako migrazio-tasa txikia izan ohi duten herrialdeetako herritarrentzat, bereziki Afrikako zenbait herrialdetakoentzat; Trumpek loteria hori kentzea proposatzen du, eta bere asmoa da 50.000 bisa horiek prestakuntza handiko milaka langileri eta familiari ematea.
Halaber, Trumpek nahi du Kongresuak aukera ematea muga araugabe zeharkatu duten immigrante guztiak deportatzeko, berdin dio nondik iritsi diren; egun, bakarrik Mexikoko eta Kanadako herritarrak deportatu ditzakete segituan.
Etxe Zuriaren iritziz, Kongresuan akordio bat lortzeko konpromisoa da; demokraten arabera, aldiz, "koldarkeria-ekintza muturrekoa"
Etxe Zuriaren iritziz, Trumpen plana "konpromisoa" da, Kongresuan akordioa lortzeko; Ganbera horretan, errepublikanoek dute gehiengoa, baina demokratek proposamenak blokeatzeko moduko boto-kopurua dute (aurreko astean, esate baterako, administrazio-itxiera behartu zuten): "Konpromiso zaila da, DACAren arazoari irtenbidea topatzea, eta, bitartean, migrazioaren gaineko erreforma aurrera ateratzea eta nazioaren segurtasuna zaintzea", esan die kazetariei, telefonoz, Etxe Zuriaren maila handiko funtzionario batek (anonimotasuna izatea eskatu du).
Errepublikano moderatu batzuek begi onez ikusten dute Etxe Zuriaren proposamena. Horixe da, esate baterako, Lindsey Grahamen kasua; Graham Kongresuan onartzeko modukoa den eta Trumpen gustukoa den immigrazio-akordio bat lortzen saiatzen den alderdi biko senatari-taldeko kidea da.
Beheko Ganberan demokraten liderra den Nancy Pelosik, aldiz, esan du Trumpen plana "koldarkeria-ekintza muturrekoa" dela; izan ere, "dreamers" izenekoak migrazioaren aurkako eskema gorrotagarri bateko bahituak izaten jarraitzea da xedea, Pelosiren aburuz.