Mundua -
AEB
AEBko administrazioa irekitzea ahalbidetuko duen aurrekontua onartu du Kongresuak
Otsailaren 8a arteko aurrekontua onartu dute. Errepublikanoek eta demokratek negoziatzen jarraituko dute, itun zabalagoa lortzeko asmoz.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak aurrekontu luzapena sinatu du gaur, administrazioaren 69 orduko itxierari amaiera emanez.
Trumpek errepublikanoentzako "garaipen handia" dela eta negoziazio mahaian elkartuko direla esan du bere Twitter kontuan zabaldutako mezuan. Kongresuak eta Senatuak administrazioa berriro irekitzeko aurrekontua onartu ostean etorri da Trumpen sinadura.
Ameriketako Estatu Batuetako administrazio publikoa itxita izan da joan den ostiraletik, aurrekonturik ez zegoelako. Azken egunotan negoziatzen aritu ostean, errepublikanoak eta demokratak akordio batera iritsi dira eta Kongresuak administrazioa berriro irekitzeko aurrekontua onartu du gaur, aldeko 266 eta kontrako 150 botorekin.
Aurretik, Senatuan bozkatu dute aurrekontu-proiektua. 81 boto izan dira aldekoak eta 18 kontrakoak. Otsailaren 8a arteko aurrekontua da. Datozen egunetan bi alderdiek negoziatzen jarraituko dute, itun "globala" lortzeko asmoz.
Adingabeak zirenean AEBra legez kanpo heldu ziren 8.000 etorkinen egoera erregularizatu nahi dute demokratek, eta gai hori baldintza moduan jarri dute negoziazioan. Barack Obamak gazte horiek ez deportatzeko lege bat egin zuen, baina Donald Trumpek programa hori baliogabetu zuen boterea eskuratzean.
Errepublikanoek immigrazio lege-proiektua datorren hilean Senatura eramatea onartu dute, demokratek eskatu bezala, eta, ondorioz, akordioa posible izan da.
Donald Trump pozik agertu da administrazio berriro martxan izango delako, baina ohartarazi du "AEBentzat ona den" immigrazio plan bat soilik babestuko dutela Kongresuan.
Datozen asteen bi alderdiek negoziatzen jarraituko dute, eta errepublikanoek ere badituzte euren baldintzak: Trumpek Mexikoko mugan eraiki nahi duen harresia ordaintzeko aurrekontua onar dezatela demokratek.