Mundua -
Venezuela
Senideekin akordiorik adostu gabe hobiratu du Oscar Perez Venezuelako Gobernuak
Matxinatutako polizia-agentea urtarrilaren 15ean hil zuten herrialdeko segurtasun-indarrek.
Agentziak | Erredakzioa
Azken astean hainbat zalantza izan ostean, familiaren nahiei kasurik egin gabe, eta bakarrik bi senide bertan zeudela, Venezuelako Gobernuak Oscar Perez matxinatutako polizia-agentea hobiratu du. Urtarrilaren 15ean hil zuten herrialdeko segurtasun-indarrek, operazio batean, haren talde matxinatuko beste sei kiderekin batera.
Perez, heriotza-akten arabera, buruan jasotako tiro batengatik hil zen, bere bost lagun ere hil ziren moduan; haren gospuzkiak Caracaseko Cementerio del Este hilerrira eraman dituzte, goizaldean, gorputegitik; Polizia Zientifikoaren pilotuaren senideek aste osoan erreklamatu izan dute gorpua, aipatutako gorputegian.
Larunbatean hilerri horretan bertan hobiratu dituzten beste bi matxinorekin gertatu zenez (Jose Diaz Pimentel eta Abraham Agostini zuten izena, Venezuelako agintariek bakarrik seniderik zuzenenei utzi diete sartzen ekitaldian; hain zuzen, Perezen izebari eta lehengusinari.
Hildako beste lau matxinoei dagokienez (Jairo eta Abraham Lugo anaiak, Lisbeth Ramirez eta Daniel Soto dira), auren jaioterrietan hobiratu dituzte, baldintza berdinetan.
"Gure hitzak ez du balio izan"
Hiletaren baldintzak inposatuak izateari buruz, Maryori Perdomok, alegia, Perezen lehengusinak, bere iritzia eman du: "Beraiek maila altuagoa dutenez, beraiek agintzen dute. Beraiek erabaki zuten nola egin behar zen, eta gure hitzak ez zuen balio izan. Ez zuten nahi herritarrak lehengusuari babesa emateko etor zitezen", esan zien kazetariei hilerrian.
"Venezuela osoak daki Oscar Perez nor den, eta zer nahi zuen gizarte honentzat", gehitu du gazteak; bere lehengusua, esan duenez, "heroia" izan zen, "justiziaren alde" borrokatu zuen.
Perdomok salatu du ez dutela aukerarik izan mugikorrak erabiltzeko, hileta gauzatu aurretik eta ekitaldia egiten ari ziren bitartean, eta ukatu egin zaiela eskatuta zuten gaubeila.
Militarrak joan ostean (zuzenak ez diren senideak sar ez zitezen zeuden bertan), beste senide eta zale batzuk hobia dagoen tokira gerturatu dira; Venezuelako bandera bat jarri diote, bai eta lore-sortak ere. Perezen ama, emaztea eta seme-alabak herrialdetik kanpo daude.
Matxinoa
36 urte zituen Oscar Perezek bere iritziz Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak zuzendutako "diktaduraren aurkako matxinada" abiatu zuen iazko ekainean; orduan, Polizia Zientifikoaren helikoptero bat erabakiz, Caracasen gainetik egin zuen hegan, eta desobedientzia zibilerako deia egin zuen, pankarta batekin.
2017ko abenduan, Perezek eta bere taldeak kuartel militar bati eraso zioten, zauriturik eragin gabe, soldaduei eskuak lotu zizkieten, aurpegiratu zieten jarraitzen dutela Maduroren Gobernua babesten, eta Hugo Chavezen eta Maduroren erretratuak zapaldu zituzten, zabaldu zuten bideoan ikusten denez. Gainera, armak lapurtu zituzten.