Mundua -
BREXIT-AREN NEGOZIAZIOA
Londresek 45.000 eta 55.000 milioi euro artean ordainduko dizkio EBri brexitagatik
'Telegraph' egunkariaren arabera, Europar Batasunetik alde egiteko Erresuma Batuak ordaindu beharreko kopurua adostu dute Londreseko eta Bruselako negoziatzaileek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Londreseko eta Bruselako negoziatzaileek oinarrizko akordioa lortu dute Erresuma Batuak Europar Batasunetik ateratzeko ordaindu behar duen kopuruaren inguruan, The Telegraph egunkari britainiarraren arabera. Horren esanetan, 45.000 eta 55.000 milioi euro artean (40.000 eta 49.000 euro libra) ordainduko dizkio Erresuma Batuak Europar Batasunari brexitagatik. Dena den, The Guardian egunkari britainiarrak beste zenbateko bat eman du: 64.000 milioin euro. Edozein kasutan, dibortzioa gauzatzeko Europako Batzordeak ezarritako kopurura gerturatuko litzateke Erresuma Batua.
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa Bruselara joango da astelehenean eta Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin elkartuko da. Bilera horren ostean, akordioari buruzko xehetasunak jakinaraztea aurreikusten da.
Europar Batasunetik alde egiteko britainiarrek ordaindu beharreko kopurua da bi aldeen arteko negoziazioetan oztoporik handiena; izan ere, hori adostu arte Batasuneko ordezkariek ez dute bigarren fasera igaro nahi.
Abenduaren 14ko eta 15eko goi-bileran Europar Batasunak brexitaren negoziazioaren bigarren faseari argi berdea ematea espero du Theresa Mayk. Bigarren fase horretan, Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren etorkizuneko harreman komertziala izango dute hizpide.
EBko gainerako 27 herrialdeek ez dute hurrengo urratsa egin nahi hiru gaitan pausoak eman arte: fakturaren zenbatekoa, herritarren eskubideak eta Irlandaren eta Ipar Irlandaren arteko mugaren estatusa.