Mundua -
Venezuela
Negoziatu beharreko gai nagusiak adostu dituzte Venezuelako Gobernuak eta oposizioak
Asteburuan Santo Domingon egingo den elkarrizketaren behatzaileak Txile, Paraguai, Mexiko, Bolivia eta Nikaraguako kantzilerrak izango dira.
Agentziak | Erredakzioa
Dagoeneko adostu dituzte abenduaren 1ean eta 2an Santo Domingon Gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketa abiatzeko negoziatu beharko diren sei gai nagusiak, Miguel Vargas Dominikar Errepublikako Atzerri ministroak, astelehenean, jakitera eman duenez.
Asteburuan Santo Domingo hiriburuan hasiko den elkarrizketaren behatzaileak Txile, Paraguai, Mexiko, Bolivia eta Nikaraguako kantzilerrak izango dira.
Julio Borges Asanblea Nazionaleko presidentea izango da Venezuelako alderdi gehienak barnean hartzen dituen Batasun Demokratikoaren Mahaiaren (MUD) ordezkaria; berarekin batera, ekonomiako eta gizarte zibileko ordezkariak ere izango dira, Caracas hiriburutik astelehenean ohartarazi zutenez.
Borgesen hitzetan, hauek dira negoziazioan jorratu beharreko gai nagusiak: preso politikoak askatzea; botikak eta elikagaiak Venezuelara helaraztea; Asanblea Nazionalaren botereak berrezartzea; eta Hauteskunde Batzorde Nazionala eratzeko moduan aldaketak egitea.
"Herritarrek nahi duten etorkizuna aukeratzeko aukera izan behar dute Venezuelan, hauteskunde libre eta gardenetan. Beraz, elkarrizketa prozesu horrek gardena izan behar du. Sortarazitako eszeptizismoa ulertzen dugu, eta, ondorioz, prozesuan ematen diren aurrerapausoak eta oztopoak jakinaraziko dizkiegu herritarrei", esan du Borgesek.