Mundua -
Goi-bilera
Estatu Islamikoa Sirian garaitzeko asmoa dutela berretsi dute Trumpek eta Putinek
Ameriketako Estatu Batuetako eta Errusiako presidenteak ados daude: gatazkak ez du konponketa militarrik.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak berretsi dute, larunbat honetan, asmoa dutela "Estatu Islamikoa izeneko talde terrorista Sirian garaitzeko". Hala diote, biek sinatutako agiri batean.
APEC Asia-Pazifikoko Lankidetza Ekonomikoaren Foroan, bi agintariek elkarrizketa izan dute, eta adierazi dute gatazkak ez duela konponketa militarrik. Hala eman du jakitera Sputnik albiste-agentziak.
Kremlineko bozeramaile Dimitri Peskovek zehaztu duenez, agiria bi agintariak APECen zeudela aprobetxatuta idatzi dute, espezifikoki; Danang Vietnamgo hirian ari dira egiten goi-bilera.
Pozik, egindako ahaleginengatik
Agiriak adierazten duenez, Putinen eta Trumpen oniritzia dute AEBk eta Errusiak egindako ahalegin batzuk, alegia, militar estatubatuarren eta errusiarren arteko liskar arriskutsuak saihesteko egin dituzten ahalegin arrakastatsuak: “Horri esker, ISISen hildakoen kopuruak gora egin du azken hilabeteotan”.
Agintariek nabarmendu dutenez, "ahalegin horiekin jarraituko dugu ISISen behin betiko porrota gauzatu arte".
Presidenteek berretsi dute gatazkarako konponketa politikoa Genevako prozesuaren testuinguruan topatu behar dutela, "Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 2254 ebazpenarekin bat".
Azpimarratu dute ondorengo hauen alde daudela: Siriako burujabetza, independentzia, eta herrialde horretako lurralde-osotasuna. Halaber, deitu diete Siriako alde guztiei "Genevako prozesu politikoan parte hartzeko, eta haren arrakasta bermatzeko laguntza eman dezaketen ahalegin guztiak babesteko".
"Presidenteek gai honi ere heldu diote: beharrezkoa dela Siria giza sufrimenduak murriztea. NBEko herrialde guztiei egin diete deia, ondorengo hilabeteotan gizaldeko beharrak asetzeko", dio komuneko adierazpenak; Kremlineko web orrian dago argitaratuta.
Sergei Lavrov eta Rex Tillerson Errusiako eta AEBko Kanpo-arazoetarako ministroek akordioa adostu zuten, duela gutxi; oraingo adierazpena akordio horren ostean prestatu dute.