Mundua -

Larunbatean, Muqdishon

Bonba-kamioiekin egindako erasoek 315 hildako utzi dituzte Somalian

Biktimen senitartekoak leherketen zonaldeetatik gertu eta ospitaletan bildu dira, 400 zauritu baino gehiagoren artean desagertuak aurkitzeko itxaropenarekin, edo gutxienez gorpuak identifikatzeko.

Aurreneko leherketa Muqdishoko Safari hotelaren alboan. Argazkia: EFE
Aurreneko leherketa Muqdishoko Safari hotelaren alboan. Argazkia: EFE
Aurreneko leherketa Muqdishoko Safari hotelaren alboan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larrialdi zerbitzuak, Somaliako Armadaren 500 soldadu baino gehiagoren laguntzarekin, Muqdishoko atentatuetan, iragan larunbatean, hildako pertsonen gorpuak bilatzen ari dira. Suntsitutako eraikinetako hondakinen artean onik atera diren pertsonen eta gorpuen bila jarraitzen dute. Azken balantzearen arabera, 315 hildako utzi dituzte erasoek.

Biktimen senitartekoak leherketen zonaldeetatik gertu eta ospitaletan bildu dira, 400 zauritu baino gehiagoren artean desagertuak aurkitzeko itxaropenarekin, edo gutxienez gorpuak identifikatzeko. Identifikazio lana oso zaila da, biktima gehienak kiskalita hil zirelako.

Orain arte, hondakinen artetik 25 gorpu atera dituzte. Horregatik, datozen orduetan biktimen kopuruak gora egitea espero da.

Abdirahman Osman Yariisow Informazio ministroak jakitera eman duenez, Larrialdiei Erantzuteko Zentro Nazionalean odola ematea posible da, ospitaleak gainezka daudelako.

Besteak beste, Muktar Robow Al Shabab erakunde terroristako bozeramaile ohi eta desertoreak odola eman du bertan. Gobernuak, komunikabideek eta adituek erasoen erantzukizuna Al Shababi leporatu diote.

SOMALIA ATENTATUA EFE

Aurreneko leherketa Muqdishoko Safari hotelaren alboan. Argazkia: EFE

Kenya, Djibuti, Etiopia eta Turkiaren laguntza

Nazioarteak erasoak gaitzetsi ditu. Bestalde, Somaliako Gobernuak zaurituak artatzeko laguntza eskatu zuen. Besteak beste, Kenya, Djibuti, Etiopia eta Turkia laguntzen ari dira.

Horrela, 30 zauritu larrienak Ankarako eta Istanbuleko ospitaletara eramateko hegazkin medikoak bidali ditu Turkiak. Era berean, 100 bat mediku bidali ditu Muqdishoko ospitaletan bertako osasun zerbitzuei laguntzeko.

Aurreneko leherketa Safari hotelaren alboan gertatu zen, K5 bidegurutze ezagunean, hiriburuko zonalde ospetsuenetarikoan. Gobernuaren bulegoak, hotel eta jatetxe nagusiak bertan daude.

Bigarren eztanda Somalia Airlineseko egoitza zaharraren ondoan dagoen merkatu jendetsuan jazo zen, Wadajir barrutian.

Sare sozialetan zabaldutako irudiek hondamendia erakusten dute: inguruko eraikinak erabat suntsitu ditu leherketak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Munduko albisteak 2024 Atentatuak albisteak Eguneko albisteak