Mundua -
Eskualdeetako hauteskundeak
Venezuelako oposizioak ez ditu hauteskundeetako emaitzak onartu
Hauteskunde Batzorde Nazionalak jokabide "susmagarria" izan duela uste du oposizioak.
Agentziak | Erredakzioa
Batasun Demokratikoaren Mahaia osatzen duten oposizioaren alderdien koalizioak ez ditu onartu Hauteskunde Batzorde Nazionalak emandako hauteskundeetako emaitzak, eta elkarretaratzeak deitu ditu.
Emaita ofizialen arabera, chavismoa nagusitu da eskualdeetako hauteskundeetan, eta "garaipen handia" lortu du, Venezuelako 23 estatuetako 17tan nagusitu baita, baina oposizioak emaitza "oso ezberdinak" espero zituela aditzera eman du.
Izan ere, oposizioaren ustetan, Hauteskunde Batzorde Nazionalak jokabide "susmagarria" izan du, eta ez da aurreko hauteskundeetan bezala jardun.
"Ez ditugu Tibisay Lucena Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidenteak emandako datuak onartzen", esan du Gerardo Blyde eskualdeetako hauteskundeetarako oposizioaren koalizio buruak.
"Venezuelak eta nazioarteak ez dute kontatutako ipuina sinesten. Eskualdeko taldeei prozesua egiaztatzeko, eta dena ikuskatzeko, eskatu diegu; baita, oposizioa irabazle atera den eskualdeetan ere", esan du.
Azkenik, Blydek elkarretaratzeak deitzeko eskatu die oposizioko hautagaiei egoera salatzeko.
Oposizioak oztopoak salatu ditu
Luis Emilio Rondon ofizialismoarekin bat egin ez duen bost errektoreetako bakarrak esan duenez, atzerapenak izan dira goizean mahaiak jarri eta mahai horietaz arduratu behar zuten mahaikideak iristeko garaian, eta "bozkatzeko makinetan arazo teknologikoak" izan direla gaineratu du.
Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidentearen esanetan, hauteskundeak "normaltasunez eta lasaitasunez" egin dira, eta mahaien % 99,92 normaltasunez aritu dira.
Venezuelako oposizioak salatu egin ditu hauteskunde aurreko prozesuan eta hauteskundeetan Hauteskunde Batzorde Nazionalak jarritako oztopoak, eta, besteak beste, azken orduan hauteslekuetan aldaketak egin dituela eta boto-txarteletan hautagaien ordezkoak sartu ez izana aipatu ditu adibide moduan.
Horregatik, hauteslekuetan geratzeko eta mahaietako lekukoei egiaztatze prozesuan laguntzeko eskatu zieten herritarrei, botoak babesteko.