Mundua -
Negoziazioa Santo Domingon
Venezuelako oposizioak 'esplorazio-prozesua' utzi du
Hala eta guztiz ere, Venezuelako Gobernuaren ordezkaritza Santo Domingora joan da eta elkarrizketarako eskaintza berri bat prestatzen ari da.
Agentziak | Erredakzioa
Batasun Demokratikoaren Mahaiak (MUD) “esplorazio-prozesua” utzi duela iragarri du gaur, Nicolas Maduroren Gobernuak baldintzak bete ez dituelako. Hala eta guztiz ere, Miraflores Jauregia elkarrizketarako proposamen berri bat prestatzen ari da, Venezuelako krisiari konponbide bat bilatzeko.
“Dominikar Errepublikan esplorazio-prozesuak jarraitzeko baldintzarik ez dago”, adierazi du Luis Florido Asanblada Nazionalaren Atzerri Politikako Batzordearen presidenteak.
Gobernuak eskaerak onartzen dituenean MUD elkarrizketara itzuliko dela erantsi du Floridok: hauteskunde demokratikoak egitea, preso politikoak askatzea, erbesteratuak itzultzeko baldintzak ziurtatzea eta krisi humanitarioari erantzun eraginkor bat ematea. Gainera, elkarrizketarako “agenda argi” bat izatea beharrezkoa dela azpimarratu du oposizioko ordezkariak.
Gobernuaren konpromiso falta
MUDen negoziazio taldea asteazkeneko bilerara joango ez zela iragarri zuen Floridok asteartean, Gobernuaren konpromiso faltagatik.
Hala eta guztiz ere, Venezuelako Gobernuaren ordezkaritza Santo Domingora joan da, eta MUDi aurkezteko eskaintza berri bat prestatzen ari da, Miguel Vargas Dominikar Errepublikako Atzerri ministroaren eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohiaren laguntzarekin.