Mundua -
Atentatua Erresuma Batuan
Estatu Islamikoak Londreseko metroan egindako erasoa bere gain hartu du
Erresuma Batuak mehatxu terroristaren maila igo du. Alerta maila “kritikoa” ezarri du, atentatua berehala gertatu daitekeelako. Sky Newsen arabera, susmagarri bat identifikatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Londreseko metroaren aurka egindako erasoa bere gain hartu du Estatu Islamikoak, Amaq albiste-agentziak jakitera eman duenez. Atentatuan gutxienez 29 pertsona zauritu dituzte.
Eztanda bidaiari gehien izan ohi den orduan (08:20an) gertatu da, Parsons Green geltokian, Wimbledon auzotik gertu, hiriburuaren hego-mendebaldean.
Erasoaren ondorioz 29 bidaiari zauritu dira; gehienek erredurak dituzte. Beste batzuek kolpeak jasan dituzte, leherketaren ostean, geltokitik ihes egiterakoa.
Estatu Islamikoaren arabera, erasoa erakundeko “destakamendu” batek egin du, SITE webguneak azaldu duenez. Erasoan talde batek parte hartu duela ematen du, baina ez du egileen inguruko xehetasun gehiagorik azaltzen.
Sky Newsen arabera, agintariek susmagarri bat identifikatu dute dagoeneko, metroko segurtasun kameraren grabazioei esker. Hala ere, Gobernuak ez du, zentzu horretan, aurrerapausorik baieztatu.
Erresuma Batuak mehatxu terroristaren maila igo du
Bestalde, Erresuma Batuak mehatxu terroristaren maila igo du. Alerta maila “kritikoa” ezarri du, atentatua berehala gertatu daitekeelako, Theresa May lehen ministroak gaur iragarri duenez.
Gobernuaren ahotan, mehatxu maila igotzeko erabakia Terrorismoaren Azterketarako Zentro Bateratuak hartu du. Gobernuko 16 departamentuetako ordezkariek osatzen dute eta egoitza MI5eko zerbitzu sekretuaren bulegoetan du.
Neurri “egokia” dela azaldu du gobernuburuak, Poliziari laguntzeko soldaduak erabiltzeko aukera ematen baitu, bereziki garraio sareko segurtasuna bermatzeko.
“Erne” egoteko eta segurtasun indarrei laguntzeko eskatu die Mayk herritarrei.