Mundua -

Atentatua Erresuma Batuan

22 pertsona zauritu dira Londresko metroan izandako leherketan

Tren baten barruan zegoen etxean egindako bonba batek eztanda egin du Parsons Green geltokian.

Erretako edukiontziaren argazkia: @RRigs, APTN Mediaporten bitartez
Erretako edukiontziaren argazkia: @RRigs, APTN Mediaporten bitartez
Atentatua jasan duen Londresko metroko konboiaren airetik hartutako irudiak

1:34

Agentziak | Errdakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 22 pertsona zauritu dira gaur Londresko metroan, District Line linean, metro linea nagusietako batean, izandako leherketan. Scotland Yarden arabera, atentatu terrorista izan da, eta etxean egindako bonba baten bidez egin dute.

Eztanda bidaiari gehien izan ohi den orduan (08:20an) gertatu da, Parsons Green geltokian, Wimbledon auzotik gertu, hiriburuaren hego-mendebaldean.

Erasoaren ondorioz 22 bidaiari zauritu dira; gehienek erredurak dituzte. Beste batzuek kolpeak jasan dituzte, leherketaren ostean, geltokitik ihes egiterakoa.

Distric Line linea itxi egin dute, Wimbledon eta Earls Court geltokien artean. Bitartean, Polizia segurtasun kamerek grabatu dituzten irudiak aztertzen ari da.

Komunikabide batzuek zabaldu dituzten argazkien arabera, etxean egindako lehergailua ontzi zuri batean zegoen gordetan, poltsa baten barruan. Antza, detonagailuak huts egin du eta eztanda ez da erabatekoa izan. Beraz, agintariek uste dute erasotzaileek kalte handiagoa eragiteko asmoa zutela.

LONDRES METROA EITB zerbait erreta

(Erretako edukiontziaren argazkia: @RRigs, APTN Mediaporten bitartez)

Premiazko bilera

Theresa May lehen ministro britainiarrak jakinarazi du eraso terroristengatiko alerta-mailari eutsi egingo diotela, ez dutela igoko. Bosteko sailkapenean, bigarren mailan daude, maila "larrian", atentatuak izateko aukera asko daudela esan nahi du horrek.

Mayk larrialdi  bilera egin du arratsalde honetan. Han izan dira Gobernuko ministroak, segurtasun indarretako buruzagiak, zerbitzu sekretuetako ordezkariak eta Sadiq Khan Londreseko alkatea.

Mayk esan du erasoaren helburua "kalte handia" eragitea zela eta herritarrei "erne" egoteko eskatu die, garraio publikoa erabiltzerakoan.

"Polizia eta segurtasun indarrak eraso koldar hau argitzeko eta erasotzaileak identifikatzeko lanean ari dira", erantsi du.

Sadiq Khan Londresko alkateak erasoa gaitzetsi du. Horren esanetan, "terrorismoak ez ditu herritarrak beldurtuko".

Poliziak laguntza eskatu du eta eztandaren lekukoei bideoak eta argazkiak bidaltzeko galdegin die.

Lekukoen testigantzak

Lekukoen arabera, izua zabaldu da Parsons Green geltokian, eta pertsona ugari ihes egiten saiatu dira, eskaileretan gora.

"Izua nagusitu da leherketa bat zirudiena gertatu eta berehala", adierazi du Riz Lateef geltokian zegoen bidaiarietako batek.

Sham izeneko beste lekuko batek nabarmendu duenez, aurpegia odoleztatuta zuen gizon bat ikusi du, eta jendea negarrez. "Errenka ikusi dut besteren bat, eta gizaseme bat aurpegia odolez beteta zuela. Inoiz ez dut halakorik ikusi", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Erresuma Batua Atentatuak Eguneko albisteak Londres albisteak gaur Ingalaterra