Mundua -

Erasoak

Estatu Islamikoak 80 pertsona baino gehiago hil ditu Irakeko hegoaldean

Bi bonba-autok eztanda egin dute. Aldi berean, Fedekeko jatetxe baten aurka eraso armatua egin dute, Al Nasriya hiritik 80 bat kilometrora.

Poliziak erasoetan erabilitako auto-bonba bat miatzen. Argazkia: EFE
Poliziak erasoetan erabilitako auto-bonba bat miatzen. Argazkia: EFE
Poliziak erasoetan erabilitako auto-bonba bat miatzen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Islamikoa erakunde terroristak xiiten aurka egin du berriro gaur, Diqar probintzian, Irakeko hegoaldean. Erasoetan gutxienez 83 pertsona hil dituzte. Bitartean, iparraldean jihadistek kontrolpean zuten lurralde gehiena galdu dute.

Yasem al Jaldi Diqar probintziako Osasun zuzendari nagusiak jakitera eman duenez, 83 pertsona hil eta 93 zauritu dira jihadistek sare sozialetan aldarrikatutako erasoetan.

Segurtasun indarren iturri batek aipatu duenez, hildakoen artean irandarrak daude, baina ez du zehaztu Irakeko hegoaldean bisita erlijiosoa egiten ari ziren. Xiitentzako toki sakratuak daude Diqar probintzian.

Bi bonba-auto eta eraso armatua

Bi bonba-autok eztanda egin dute. Aldi berean, Fedekeko jatetxe baten aurka eraso armatua egin dute, Al Nasriya hiritik 80 bat kilometrora, Bagdad hiriburutik 350 kilometrora.

Al Sumaria Irakeko telebista kateak azaldu duenez, uniforme militarrak jantzita zituzten gizon armatuak bi autotan heldu dira jatetxera, bertan sartu dira, eta bezeroei tiro egin diete.

Ondoren, Irakeko segurtasun indarren kontrol postu batera joan dira, ibilgailuetako bat zartarazi dute, eta baita tiro egin ere, telebista kateak zabaldu duenez.

Estatu Islamikoak Telegram sare sozialean eman du eraso horien berri. Agiri batean, 200 pertsona hil dituztela ziurtatu du erakunde terroristak.

Erasoak gertatu diren bi eskualdeetan xiitek dute gehiengoa. Irakeko hegoaldea nahiko lasaia da, baina noizean behin Estatu Islamikoak xiiten aurka egiten du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea