Mundua -
IRMA URAKANA
Georgiarako bidea hartu du Irmak, ekaitz tropikal bihurtuta
Trumpek hondamendigune izendatu du Florida. Hiru pertsona hil dira estatu horretan, eta 3,5 milioi argindar barik daude.
Agentziak | Erredakzioa
Karibe aldea eta Florida (Ameriketako Estatu Batuak) gogor astindu ostean, Irma urakanak indarra galdu du azken orduetan, eta Georgiara bidean da, ekaitz tropikal bihurtuta. Atzean geratu da Floridako Kaioetan utzitako hondamendia.
AEBko Urakanen Zentro Nazionalak jakinarazi duenez, herrialdearen hego-ekialdean 02:00ak zirenean (06:00 GMT) Saffir-Simpson eskalan lehen kategoriara (bost dira guztira) jaitsi da. Une horretan, Tampa hiritik (Florida) 40 bat kilometrora zegoen.
Zentroak egindako iragarpenaren arabera, orduko 85 miliako (135 km/h) haize-boladak izango dira. Haizeteez gain, uholdeak dira kezka iturri, ekaitzak itsaski ziklonikoa eragin baitezake.
Hiru pertsona hil dira Floridan. Halaber, estatu horretako agintariek ohartarazi dutenez, Kaioetan "krisi egoera" utzi du urakanak. Hain justu, Donald Trump AEBko presidenteak hondamendigune izendatu du Estatua, Rick Scott gobernadoreak eskatu ostean.
Izendapenari esker, Estatuko funtsak erabili ahalko dira kaltedunei laguntzeko eta azpiegiturak berreraikitzeko.
6,5 milioi pertsona (Estatuko bizilagunen herena) etxetik atera dituzte, eta 3,5 milioi (% 34,74) argindar barik daude.
Rick Scott Floridako gobernadoreak laguntza eskatu dio AEBko presidenteari. "Hil edo biziko egoera da. Badakit jendeak lagundu nahi duela, baina orain egin genezakeen gauzarik onena errezatzea da", esan dio Scottek ABC telebista kateari.
Irmak Miamin utzitako irudi ikusgarriak (@CNN):