Mundua -
Ipar Korea
Piongiangi presio handiagoa sartzea eskatu die Abek AEB eta Errusiari
Kim Jong-unen Gobernuarekin harremanak dituen edozein herrialderekin merkataritza jarduera etetea aztertzen ari da Trump, eta ez du baztertu Ipar Koreari eraso egitea.
agentziak | erredakzioa
Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak Ipar Koreari presio handiagoa sartzea eskatu die Ameriketako Estatu Batuei eta Errusiari, armak egiteari utz diezaion, seigarren proba nuklearraren berri izan eta gero.
Japoniako Gobernuaren buruak eta Donald Trump AEBko presidenteak elkarrizketa izan dute telefonoz, igandeko azken orduan, eta Piongiangi presio handiagoa sartzeko beharra dagoela adierazi diote elkarri. Gainera, Txina eta Errusiaren zeregina garrantzi handikoa dela esan dute.
Laugarrenez hitz egin dute Japoniako eta AEBko buruek Ipar Koreak aurreko asteartean Japoniako herrialdearen gainetik igaro zen misila jaurti zuenetik, eta AEBk Japoniarekin duten konpromisoa berretsi dio Trumpek Aberi. Gure herrialdea "Japoniarekin dago % 100ean", esan dio.
Trumpekin elkarrizketa izan ondoren, Abek 15 bat minutuz hitz egin du Vladimir Putin Errusiako presidentearekin, eta Ipar Korearen harremanetan "Errusiak zeregin handia" duela berretsi dio, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide den heinean.
Bestalde, Kim Jong-unen Gobernuarekin harremanak dituen edozein herrialderekin merkataritza jarduera etetea aztertzen ari da Trump, eta ez du baztertu Ipar Koreari eraso egitea.
NBEren Segurtasun Kontseilua gaur, astelehena, bilduko da, Ipar Korearen azken proba nuklearra aztertzeko asmoz.