Mundua -

AEB

Harveyk hainbat hiri txikituta utzi ostean uholde handiak espero dira

Gutxienez bost pertsona hil dira, eta hiru espetxek beren 4.500 preso mugitu behar izan dituzte. Harvey urakana ekaitz tropikala izatera igaro da.

Harveyk hainbat hiri txikituta utzi ostean uholde handiak espero dira. Argazkia: EFE
Harveyk hainbat hiri txikituta utzi ostean uholde handiak espero dira. Argazkia: EFE
Harveyk hainbat hiri txikituta utzi ostean uholde handiak espero dira. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken hamabi urteotan Amerikako Estatu Batuetara iritsi den urakan indartsuenak Harvey du izena, eta gutxienez bost hildako uzteaz gain, Texas kostaldeko hainbat hiri txikitu ditu. Azken orduotan indarra galdu duen arren, eurite eta uholde handiak espero dituzte oraindik. Aurreikuspenen arabera, baliteke uraren mailak 1,3 metrorainoko altuera hartzea.

Gainera, Corpus Christi hirian (Texas kostaldean) metro erdirainoko uholdeak utzi ditu jada, eta Houstonen eurite gehien pilatu diren zenbait gunetan uraren mailak 40 zentimetroko altuera hartu du. “Gure kezka nagusia oraindik espero ditugun uholde dramatikoak dira”, ziurtatu du Greg Abbott Texas estatuko gobernadoreak.

Datozen orduotan uholde handiak espero dira Texas estatuan, bereziki AEBko laugarren hiri handienean, Houstonen. Bertan, bi milioi pertsona inguru bizi dira gaur egun, eta hiri horretako agintariek alerta ezarri dute ibaiak gainezka egiteko dagoen arrisku potentzial handiaren aurrean.

Mehatxu horren aurrean, Houston hiriko hiru espetxek beren 4.500 preso tokiz aldatu behar izan dituzte, eta beste espetxe batzuetara eraman dituzte autobusez.

Urakanak 22:00ak aldera jo zuen lurra (larunbateko 03:00etan, gurean) Texas hegoaldean, bosteko eskalan lauko indarrarekin, Corpus Christitik 45 bat kilometrora dagoen Rockport hirian (ipar-ekialdean), eta zenbait tokitan 215 kilometro ordurainoko abiadura hartu duten haize-boladak eragin izan ditu.

9.000 biztanle dituen hiria da Rockport, Texas kostaldean kokatuta dagoena. Urakanak kalte material handiak utzi ditu, eta hainbat etxebizitza txikituta uzteaz gain, igande honetan ibai itxura hartu dute kaleak eta lurrera eroritako zuhaitzak eta trafiko seinaleak ikusi dituzte bertako bizilagunek.

AEBko Urakanen Zentro Nazionalak (CNH) jakinarazi duenez, Harvey urakana ekaitz tropikala izatera igaro da. Azken orduotan, 110 kilometro orduko haize-boladak eragin ditu, baina larunbatean 215 kilometro ordurainoko abiadura hartu zuten AEBko zenbait tokitan.

Texas kostaldean bizi diren milaka pertsonek haien etxeak utzi dituzte azken egunotan, eta agintarien aholkuei jarraiki barnealdera jo dute.

Harvey Texas efe

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Hondamendi naturalak Eguneko albisteak Trump gaur Uholdeak bideoak Urakanak azken ordukoa Ekaitzak gaur