Mundua -

NBE-ren zigorrak

Zigorrak gaitzetsi eta AEBren kontrako neurriak iragarri ditu Ipar Koreak

Segurtasun Kontseiluak ezarritako zigorrak bere subiranotasun eta garapen eskubidearen kontrako erasoa direla uste du Piongiangek.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluak Ipar Koreari ezarritako zigorrak gaitzetsi eta AEBren kontrako neurriak iragarri ditu Piongiangeko Erregimenak.

"Gure nazioaren eta herriaren kontrako krimen higuingarria larrutik ordainduko du AEBk", adierazi du Erregimenak KCNA Ipar Koreako agentzia ofizialari bidalitako oharrean.

Kim Jong-unen esanetan, NBEren zigorrak Ipar Korearen subiranotasun eta garapen eskubidearen kontrako erasoa dira.

"Ohartarazi dugunez, ekintza bidezkoa eta erabakigarria egingo dugu (AEBren kontra)", adierazi dute oharrean.

Larunbatean onartu zuen Segurtasun Kontseiluak Ipar Korearen kontrako zigor sorta. Piongiangen esportazioei kalte nabarmena eragingo die erabakiak, eta litekeena da urteko esportazioak heren bat murriztea (urteko 400 milioi dolarreko galera, batez beste).

AEBk sustatutako ebazpen horren ondorioz, Ipar Koreak debekatuta dauka ikatza, burdina, burdin mea eta itsaskia esportatzea; gainera, gainerako herrialdeek ezin dituzte Ipar Koreako langile gehiago kontratatu, ezta Ipar Korearekin inbertsio bateratuak egin ere.

Misil interkontinentalak (ICBM) erabiliz bi proba egiteagatik zigortu dute Ipar Korea.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak bideoak NBE bideoak Gaurko azken orduko albistea Ipar Korea Albisteak