Mundua -
Osasun lege berria
Porrot egin du Senatuan Obamacare ordezkatzeko Trumpen azken saiakerak
Oraingoan kale egin duen proposamena 'lege argala' izenez ezagutzen zen, oinarrizko puntuekin egindakoa. Orain, beste proposamen bat egin beharko dute. McCain aurka bozkatu dutenen artean dago.
agentziak | erredakzioa
Donald Trumpek hauteskunde kanpainan promestu zuen Obamacare baliogabetzeko azken aukerak porrot egin du AEBko Senatuan. Errepublikanoek gehiengoa dute bertan, baina hiru senatari errepublikanok aurka bozkatu dute, eta, ondorioz, proposamenak aurrera egitea oztopatu. John McCain errepublikanoa da horietako bat.
Hala, McCainek (orain dela gutxi buruko minbizia diagnostikatu zioten) bat egin du Susan Collins eta Lisa Murkowski senatari errepublikanoekin eta demokrata guztiekin, "skinny bill" edo "lege argala" izenez ezagututako testua ez onartzeko; aldeko 49 boto jaso ditu, eta kontrako 51.
Mike Pence AEBko presidenteordea ere joan da Kapitoliora, berdinketa egonez gero proposamenaren alde egiteko, Senatuko presidentea den heinean.
Bozketa goizaldean egin dute, AEBn 01:00 (05:00 GMT) zenean. Ordu batzuk lehenago, Trumpek "7 urtez itxaron ostean" alde bozkatzeko deia egin die errepublikanoei Twitterren.
Azken urteetan, ezinezkoa izan zaie errepublikanoei Obamacare indargabetu eta ordezkatzea, eta Trumpen hauteskunde-kanpainaren ardatz nagusietako bat izan zen. Barack Obamak 2010ean onartu zuen osasunaren erreforma da.
Bozketa horretan ere porrot egin eta gero, Mitch McConnell errepublikanoen Senatuko buruak etsita dagoela onartu du, eta "aurrera egiten jarraitzeko" unea dela gaineratu.
Horrela, ez dago argi McConnellek beste proposamenen bat aurkeztuko duen udako etenaldiaren aurretik, "lege ahularen" porrotaren aurretik aurkeztutako beste bi proposamenek kale egin dutelako.