Mundua -
Ekintza
Venezuelako oposizioak 24 orduko protestari ekingo dio gaur
Oposizioaren taldeek presioa egin eta datorren asterako giroa berotu nahi dute, Asanblea Konstituziogilearen atarian.
agentziak | erredakzioa
Venezuelako oposizioak 24 orduko lanuztea deitu du gaur, osteguna, Gobernuaren aurka, aurreko igandean Nicolas Maduro presidenteak deitutako Asanblea Konstituziogilearen kontra egindako galdeketaren ostean. Protesta ekintza 06:00etatik 06:00etara egingo dute (13:00etatik 13:00etara, gurean).
Freddy Guevara Asanbleako presidenteorde eta diputatuak egin zuen iragarpena aurreko astelehenean, oposizioaren Batasun Demokratikoaren Mahaiaren izenean.
"Herrialde guztia deitzen dugu ostegunean protesta baketsuarekin eta indarkeriarik gabe bat egitera, 24 orduz, presioa egiteko modu gisa eta datorren astera begira giroa berotzeko, Konstituzioaren iruzurrari aurre egin eta ordena konstituzionala berrezartzeko", esan zuen diputatuak.
Oposizioaren asmoa Gobernuaren aurkako presioa areagotzea da, horren ustean, egindako galdeketak Nicolas Maduro "baliogabetu" egin duelako.
Asanblearen babesa duela (igandeko galdeketa onartu zuen), oposizioak desobedientzia ekintza berriak antolatu ditu Gobernuaren aurka.
Mahaiaren helburua, gainera, "Konstituziogilearen iruzurrari aurre egin eta ordena konstituzionala berrezartzea" da, horren iritzian, chavismoak hainbatetan urratu duena. Erakundeak gizarte zibilaren talde batzuen babesa jaso du.
Venezuelako oposizioaren lehentasuna, gainera, Asanblea Nazional Konstituziogilea geldiaraztea da. Konstituziogilea uztailaren 30ean egingo dute, eta Konstituzio berria eginez "diktadura indartzeko" modu bat da, Maduroren aurkakoen iritzian.