Mundua -
'Obamacare'ren aurka
Trumpen osasun erreformak talka egin du berriro Senatuan
Itxura guztien arabera, legeak ez du aurrera egiteko aukerarik izango, beste bi senatari errepublikano aurka agertu eta gero.
Agentziak | erredakzioa
AEBko Gobernuak sustatu duen osasun erreforma berria aurrera egiteko aukerarik gabe geratu da beste bi legegile errepublikano aurka agertu ostean. Hala, kontserbadoreak gehiengoa lortu ezinik geratu dira.
Proposamenaren aurka egin duten senatariak Mike Lee eta Jerry Moran dira. Haien erabakiarekin, bat egin dute Susan Collins eta Rand Paul senatariekin, eta lau dira Barack Obamak bultzatu zuen osasun erreforma, Obamacare izenarekin ezagutu dena, baliogabetu nahi ez duten errepublikanoak.
Dagoeneko ezezkoa eman duten errepublikanoez gain, beste hamar batek zalantzak erakutsi dituzte; besteak beste, Ron Johnsonek.
Senatuak bozketa atzeratu eta gero etorri dira Leeren eta Moranen iragarpenak. Bozketa asteon egitekoa zen, baina John McCaini begian ebakuntza egin diotenez, eta bozketan parte hartzeko aukera ez zuenez, atzeratzea erabaki dute.
Hala, 48 senatari demokrata eta lau errepublikano Obamacare ezaguna indargabetzearen aurka daudenez, proposamen berriaren aldeko botoak 50 baino gutxiago izango lirateke, eta gutxienez boto horiek behar ditu Trumpek Obamaren osasun erreforma bertan behera uzteko.
Errepublikanoek Senatuan aurkeztutako bigarren proposamena da, eta lehenengoak kontserbadore eta moderatuen ezezkoa jaso zuen.