Mundua -
Venezuela
Oposizioak bost milioi boto asmatu dituela salatu du chavismoak
Talde chavisten esanetan, pertsona batzuek hauteskunde-mahai batean baino gehiagotan bozkatu dute. Oposizioak berriro zenbatuko ditu boto guztiak.
Agentziak | Erredakzioa
Venezuelako Gobernuak martxan jarritako Asanblea Nazional Konstituziogilearen kanpainako arduradunak zalantzan jarri du igandean oposizioak egindako galdeketan parte hartu duen boto-emaileen kopurua. Chavisten esanetan, bost milioi boto asmatu dituzte Konstituzioaren erreformaren kontrako bozketa horretan.
Jorge Rodriguez Asanblea Nazional Konstituziogilearen kanpainako arduradunak esan duenez, oposizioak deitutako galdeketa ez lotesle horretan botoak zenbatzeko betebeharra zuten bermatzaileen batzordeak datuak hirukoiztu zituen.
Zehazki, herrialde horretan prestigio handiena duten bost unibertsitateetako errektoreek osatzen zuten bermatzaileen batzordea. Horien esanetan, zazpi milioi herritarrek baino gehiagok parte hartu dute igandeko bozketan.
Hala, galdeketan parte hartu duten boto-emaileen % 98,4 (6,3 milioi) Asanblea Nazional Konstituziogilea eratzearen aurka agertu dira. Oposizioaren ustez, Venezuelan “diktadura bermatzeko” saiakera bat besterik ez da.
Rodriguezek ziurtatu duenez, igandeko galdeketan parte hartu duten aholkulariek esan diote boto-zenbaketa egin zutenek botoak hirukoiztu zituztela.
Gainera, Rodriguezen esanetan, pertsona batzuek hauteskunde-mahai batean baino gehiagotan bozkatu dute. Oposizioak aitortu du zailtasunak izan dituztela boto guztiak zenbatzeko, baina, akatsak zuzentze aldera, botoak berriro zenbatuko dituztela jakinarazi dute.
Bestalde, Parlamentuko presidentea, Julio Borges opositorea, pozik agertu zen galdeketaren emaitzarekin. Horren esanetan, atzokoa “egun historikoa” izan zen, eta Nicolas Maduro presidentea “baliogabetuta” geratu da.
Oposizioak deitutako galdeketaren harira, chavismoak beste galdeketa bat egin zuen, uztailaren 30ean Asanblada Nazional Konstituziogilea abian jarri aurretik. Talde chavistak pozik agertu dira deitutako bozketan izandako "boto-emaileen kopuru handiarekin".