Mundua -
Venezuela
Oposizioaren galdeketako boto-emaileen % 98, Konstituziogilearen aurka
7.186.170 boto zenbatu dituzte, galdeketaren "bermatzaileen batzordeak" adierazi duenez. Pertsona bat hil dute tiroz, mahai baten aurrean.
agentziak
Venezuelan igandean egindako galdeketan parte hartu duten boto-emaileen % 98,4 (6.387.854 pertsona) Asanblea Nazional Konstituziogilea eratzearen aurka agertu da. Madurok sustatu du Konstituziogilea, Konstituzioa aldatzeko asmoz.
Raul Lopez Unibertsitate Pedagogiko Esperimental Askatzaileko errektoreak iragarri du gutxienez % 98,2k Konstituziogilearen aurka egin duela. Lopez oposizioak deitutako galdeketaren "bermatzaileen batzordeko" kidea da.
Batzordeak txalotu egin du galdeketan 7.186.170 herritarrek parte hartu izana, nahiz eta Hauteskunde Botereak ez duen prozesua aintzat hartu.
Madurok sustatutako Asanblea Konstituziogilea errefusatu, Indar Armatuek Konstituzioa babestu, Botere Publikoko buruak ordezkatzea onartu, hauteskundeak deitu eta batasun nazionaleko gobernua osatzea nahi duten galdetu zioten galdeketan venezuelarrei.
Boto-emaileen % 98,5 Indar Armatuak Asanblea Nazionalaren esanetara egotearen alde agertu da. Auzitegi Gorenak agintedunari men ez egitea leporatu zion Parlamentuari aurreko urtean, eta, hortaz, horren erabakiek ez dute inolako eraginik.
Gainera, % 98,3 (6.384.607) botere publikoak berritu, hauteskunde "askeak eta gardenak" deitu eta trantsizioko gobernua osatzearen alde agertu da.
Nolanahi ere, oposizioak erdietsitako babesa Madurok 2013an jasotakoa baina txikiagoa izan da (7.587.579). Orduan, Maduro estatuburu izendatu zuten, Henrique Capriles gaindituta.
Pertsona bat hil dute tiroz
Lagun bat hil da eta beste hiru zauritu dira Caracasen, Catia barrutian, hautesleku baten parean izandako tiroketa batean, Venezuelako Fiskaltzak Twitter bidez jakinarazi duenez.
Galdeketa-kanpainaren arduradunaren arabera, ordea, bi pertsona hil dira eta lau zauritu.