Mundua -
IRAK
Irakeko Armadak Mosul hiriaren kontrola bereganatu du
Haider al Abadi Irakeko lehen ministroak soldaduak zoriondu ditu. 2014ko udaz geroztik zegoen hiria Estatu Islamikoaren kontrolpean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bederatzi hilabeteko borroka gogorren ondotik, Irakeko Armadak Estatu Islamikoa (ISIS) garaitu duela aldarrikatu du Mosulen.
Irakeko indarrek herrialdeko bandera jarri dute Tigris ibaiaren ertzean, hain zuzen ere, Maidan auzoaren kontrola bereganatu ostean. Auzo hori zen Estatu Islamikoko borrokalarien ihesbidea. Irakeko telebista ofizialak jakinarazi duenez, Haider al Abadi Irakeko lehen ministroak hiria bisitatu du dagoeneko.
Haider al Abadi Irakeko lehen ministroak ohar bidez jakinarazi du "garaipena" lortu dutela, eta bertan borrokatu diren soldaduak eta Irakeko herria zoriondu ditu ISIS garaitu dutelako.
2014ko udaz geroztik zegoen hiria Estatu Islamikoaren kontrolpean, eta Iraken zuen gotorleku nagusia zen. Segurtasun indarrek duela bederatzi hilabete hasi zuten hiria kontrolatzeko erasoaldia. Urtarrilean hiriaren ekialdearen kontrola hartu zuten, otsailean mendebaldearen kontrako erasoa hasi zuten, eta azken asteetan alde zaharraren inguruetan izan dira.