Mundua -
Barne krisi latza
Polizia bat atxilotu dute Venezuelako oposizioko gazte bat hil duelakoan
Oposizioak protesta deitu du ostiral honetarako gertatutakoa salatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Venezuelako Gobernuak iragarri duenez, sarjentu bat atxilotu dute bart oposizioaren manifestazio batean gazte bat hil duelakoan. Oposizioak deituta, La Carlota base militarrean protesta egin zuten atzo dozenaka lagunek. Polizia manifestariei oldartu zitzaien, eta istiluotan gaztea tiroz hiltzea egotzi diote poliziari.
Nestor Reverol Barne ministroak azaldu duenez, sarjentuak "arautu gabeko arma bat erabili zuen manifestariei aurre egiteko, eta parte hartzaileetako bat tirokatu zuen".
Twitterren duen kontuan zabaldutako mezuen arabera, sarjentua "justiziaren esku utzi dute".
Alabaina, nabarmendu du La Carlota basearen protestetan bi militar larri zauritu direla manifestariek "jaurtitako lehergailuen ondorioz". "Munduko edozein lekutan onartezina da base militar bati eraso egitea", salatu du ministroak, eta oposizioari dei egin dio "base militarren eta azpiegitura publikoen kontra bortxa erabiltzeari uzteko".
Venezuelako Fiskaltzaren arabera, 22 urteko David Valenilla gaztea sarjentu batek botatako "tiroen ondorioz hil da".
Oposizioak gogor salatu du hilketa eta Venezuelako kaleetan protesta deitu du ostiral honetarako.
"Bihar (gaurko egunagatik) eguerdian (16:00 GMT) Venezuelako kaleak itxiko ditugu, azaldu dezagun gure haserrea, salatu dezagun hilketa herrialdea geldiarazita", esan du Jose Manuel Olivares diputatu eta oposizioko bozeramaileak.