Mundua -
Goi-bilera Mexikon
AEEko adostasun ezak Venezuelari buruzko ebazpena oztopatu du berriz
Ameriketako Estatuen Erakundean testu bat onartzeko aldeko 23 boto behar dira, 35 kideetatik, baina sustatzaileek ezin izan dute, orain arte, babes nahikoa batu.
agentziak | erredakzioa
Venezuelako krisi politikoari buruzko ebazpenaren alde bozkatuko zutela hitz eman zuten hamar herrialdek (Karibeko Komunitateko kideak dira) iritzia aldatu dute azken orduan Ameriketako Estatuen Erakundearen (AEE) goi-bileran eta, hortaz, ezin izan dute ebazpena onartu, diplomazia-iturriek Eferi adierazi diotenez.
Hori izan da, hain zuzen, AEEk Cancunen egindako bileran, testua onartzeko behar ziren 23 botoak ez jasotzeko arrazoia, nahiz eta, topaketaren hasieran (astelehenean), antolatzaileek behar beste babes zutela iragarri zuten.
Egun horretan, maiatzaren 31an Washingtonen aurkeztutako -eta onartu ez ziren- ebazpenetan oinarrituta Antigua eta Barbudak idatzitako testua eztabaidatu zuten.
Hala, testua lantzeko bi talde osatu zituzten, bata Brasilek, Estatu Batuek eta Peruk osatuta (topataketa antolatu zuten 14 herrialdetako taldearen ordezkari gisa), eta, bestea, Antigua y Barbudak, Guyanak eta Barbadosek osatuta (Karibeko Komunitatearen ordezkari bezala).
Hiru herrialde horiek baieztatu zuten Karibeko 10 herrialderen (14tik) babesa izango zutela.
Ez zuten espero, ordea, Venezuelaren kide hertsien babesa jasotzea, hau da, Saint Vicent eta Grenadinak, San Cristobal y Nieves eta Dominika herrialdeena.
Azken orduan atzera egin zutenak Granada, Haiti, Surinam, Trinidad eta Tobago eta Antigua y Barbuda herrialdeen artean daude.
Ameriketako Estatuen Erakundean testu bat onartzeko aldeko 23 boto behar dira, 34 kideetatik, hau da, goi-bilera horretan ordezkaritza duten herrialdeen bi herenak.