Mundua -
Venezuela
Adingabe bat hil dute tiroz Caracasen manifestazio batean
Oposizioko zenbait politikarik Guardia Bolivaltarrari egotzi diote 17 urteko gaztearen heriotza. Fiskaltzak adierazi du ikerketa abiaraziko dutela.
agentziak
Venezuelako Ministerio Publikoak (MP) baieztatu duenez, 17 urteko gazte bat hil da, oposizioak Caracasen egindako manifestazio batean tiroz zauritu eta gero, astelehenean.
MPak Twitter bidez gaineratu duenaren arabera, Caracaseko 98. Metropoli-Barrutiko Fiskaltzak abiaraziko du ikerketa, "Altamirako (Chacaon, hiriburuaren ekialdean) manifestazio batean tiro bat jaso zuen 17 urteko nerabearen" heriotza argitzeko.
Ramon Muchacho Chacaoko alkateak (oposiziokoa) heriotzaren berri eman du eta "dolumina" helarazi die gaztearen senide zein lagunei.
"Saminez, beste gazte venezuelar baten heriotza baieztatzen dugu. Fabian Urbinak, 17 urtekoak, tiro bat jaso du bularrean", esan du Twitterren. Era berean, indarkeria gaitzetsi eta, "bereziki, su armak erabiltzea manifestazio baketsuak egiteko herritarren eskubidea zapaltzeko".
Jose Manuel Olivares oposizioko parlamentariaren esanetan, gazteak toraxaren eskuineko aldean "tiro bat" jaso du.
Oposizioko zenbait politikarik Guardia Bolivaltarrari egotzi diote 17 urteko gaztearen heriotza; halere, Fiskaltzak ez du horren moduko salaketarik jaso, eta ez du heriotzaren zehaztasunik ere eman.