Mundua -
Krisia Venezuelan
Fiskalak Konstituziogilearen aurka jarritako helegitea baztertu du Gorenak
'Pretentsio gehiegi modu traketsean pilatzen saiatzeagatik' helegitea ezin duela onartu azaldu du auzitegiak.
Agentziak | Erredakzioa
Luisa Ortega Diaz Venezuelako fiskal nagusiak joan den ostegunean Nicolas Madurok proposatutako prozesu konstituziogilearen aurkako helegitea baztertu du Justizia Auzitegi Gorenak.
"Pretentsio gehiegi modu traketsean pilatzen saiatzeagatik, Auzitegi Goreneko Hauteskunde Aretoak ezin du Luisa Ortega Diazen helegitea onartu", adierazi zuen erakundeak Twitter bidez.
Uztailaren 30ean Asanblada Nazional Konstituziogilea aukeratzeko egindako deia bertan behera uztea eskatu zuen fiskalak joan den ostegunean. Izan ere, tresna hau bultzatzen duen presidentzia-dekretua "ez dela legezkoa" argudiatu zuen.
Hori baino lehen, Areto Konstituzionalak Maduroren ekimena onartzeko hartutako erabakia argitzea eskatu zuen. Ortegaren aburuz, ezinezkoa da prozesua abiatzea hautesleei ados dauden ala ez galdetu gabe.
Bai Ortega Diazek bai oposizioko MUD alderdiak venezuelarrei helegitearekin bat egiteko deia egin zien joan den astean.