Mundua -
Persiar golkoa
Kuwait Qatarrekin hitz egiteko prest, diplomazia-harremanak berreskuratzeko
Saudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuek, Egiptok, Bahreinek eta Libiak diplomazia-harremanak eten zituzten atzo Qatarrekin, “jarduera terroristak" babesten dituela iritzita.
Agentziak | Erredakzioa
Qatarrekin hitz egiteko prest agertu da Kuwait astearte honetan, “jarduera terroristak babestu” eta Iranekin lotuta dauden talde terroristak finantzatzen dituela leporatuta zazpi herrialdek harekin harreman diplomatikoak eten ostean.
Ildo horretatik, gaur egungo egoera diplomatikoa okertu dezakeen erabakirik har ez dezan eta autokontrola garatzeko eskatu dio Kuwaiteko emirrak, Sabah Ahmed al Sabah xekeak, Qatarreko emirrari, Tamim bin Hamad al Zani.
Qatarreko Kanpo Arazoetako ministroak zabaldutako ohar baten arabera, Kuwaiteko emirrak egindako telefono-dei horren ostean, Al Zanik bertan behera utzi du astearte honetan herritarren aurrean emateko prestatuta zuen hitzaldia. Gainera, diplomazia-harremanak eten dituzten herrialdeekin harremanetan jarriko dela iragarri du Kuwaitek, sortu den tentsioa baretu eta egoera hobetu dadin.
Ildo horretatik, Kuwaiteko Kanpo Arazoetako Ministerioko funtzionario batek (Ahmad Naser Mohamad al Sabah) azaldu duenez, sortutako liskarrekin amaitzeko lanean ari dira jada, eta ahalegin handia egiten ari dira harremanak berresteko. Arrazoi horregatik, alde guztiekin zuzenean hitz egiten ari dira.
Astelehenean zazpi herrialdek Qatarrekin diplomazia-harremanak etetea erabaki zuten, eta herrialde horretako Kanpo Arazoetako ministroa (Mohamed bin Abdelrahman al Zani) Yusef bin Alaui bin Abdalarekin bildu zen.
Saudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuek, Egiptok, Bahreinek eta Libiak diplomazia-harremanak eten zituzten atzo Qatarrekin. Qatarreko garraioei bidean mugak jartzea eta bideak ixtea eskatu zuten atzo herrialde horietako emirrek.
Dohak “jarduera terroristak babestu” eta Iranekin lotuta dauden talde terroristak (Estatu Islamikoa eta Al-Qaida, tartean) finantzatzen dituela iritzita eten dituzte harreman horiek.
Halaber, Libiako Gobernuak eta Yemengoak ere diplomazia-harremanak eten dituzte Qatarrekin.