Mundua -

Venezuela

Azken asteotako protestak 'zilegi' direla ziurtatu du Leopoldo Lopezek

Herri Borondatea (Voluntad Popular) mugimendu politikoaren sortzailearen esanetan, protesta egiteko bi arrazoi nagusi daude, eta kalera irteten jarraitzeko eskatu die herritarrei.

Leopoldo Lopez. Artxiboko argazkia.
Leopoldo Lopez. Artxiboko argazkia.
Leopoldo Lopez. Artxiboko argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken asteotan Nicolas Maduroren Gobernuaren kontrako protestetan parte hartu duten herritarrei babesa eman die Leopoldo Lopez Herri Borondatea (Voluntad Popular) mugimendu politikoaren sortzaileak, Lilian Tintorik (Lopezen emaztea) Twitter bidez zabaldu duen bideo batean. “Zilegi da matxinada, erresistentzia eta protesta egitea”, esan du Lopezek. Oposizioaren kidea Ramo Verde espetxe militarrean dago 2014ko otsailetik.

Bi arrazoi nagusi daude herritarrek egindako protestak zilegi direla esateko: batetik, herritarrak umiliatzen dituen gobernu despota eta tirano bat dago indarrean oraindik; eta, bestetik, gobernu horrek ez du herritarren arazoei erantzuteko ahalmenik”, esan du Lopezek.

“Gaur egun, bi baldintza horiek betetzen dira Venezuelan. Eskasiak, inflazioak, segurtasunik ezak, zerbitzu publiko guztien hondatzeak eta Venezuelan egun dagoen kolapso orokorrak zilegi bihurtzen dute herritarrak kalera irtetea askatasuna eskatzeko”, azpimarratu du Herri Borondatea mugimendu politikoaren sortzaileak.

Hori dela eta, kalean “irmo” azaldu eta ausardia erakusten jarraitzeko eskatu die Venezuelako “herritar guztiei”. “Modu baketsuan beti, baina atseden hartu gabe. Garaipena lortu arte ezin dugu borroka eten”, gaineratu du.

Horren harian, “Venezuelaren askatasunaren eta demokraziaren alde modu zilegi eta baketsuan” kalera protesta egitera irten diren “milaka herritarrei elkartasuna eta babesa” agertu die Lopezek.

“Gazteei, protesta baketsuak defendatzen dituztenei eta zaurituak artatzen dituztenei eskerrak eman nahi dizkiet bihotz-bihotzez”, esan du, eta protestetan jasandako “errepresioan” hildako lagunen senideei elkartasuna adierazi die.

Bestalde, etorkizunari beldurrik ez izateko eskatu die herritarrei. “Argi izan behar dugu historiaren norabide zuzenean goazela. Orain borrokatu egin behar dugu, eta, bihar, Venezuela hobea eraikitzeko ordua izango da”, gaineratu du Leopoldo Lopezek.

“Eutsi gogor! Nekatzen denak galtzen du. Arrazoia dugunok ezin gara nekatu. Egin dezagun aurrera Venezuelaren alde; gure etorkizunagatik, askatasunagatik eta demokraziagatik”, esan du. “Garaipena lortuko dugu, askatasuna lortuko dugu, demokrazia lortuko dugu”, azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Munduko albisteak Venezuela bideoak Latinoamerikako azken ordukoa Nicolás Maduro Leopoldo López Mendoza azken ordukoa