Mundua -

Persiar golkoa

Sei herrialdek harremana eten dute Qatarrekin 'terroristak babesteagatik'

Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Egipto, Bahrein eta Libia dira herrialdeak. "Neurriak ez daude justifikatuta eta oinarririk gabeko salaketetan eta akusazioetan oinarrituta daude", dio Qatarrek.

Dohako artxiboko argazkia. Iturria: EFE
Dohako artxiboko argazkia. Iturria: EFE
Dohako artxiboko argazkia. Iturria: EFE

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira sei herrialdek eten dituzte diplomazia harremanak Qatarrekin, "jarduera terroristak babestu" eta Iranekin lotuta dauden taldeak finantzatzen dituela leporatuta. Bahrein izan da lehena, baina laster Saudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuek, Egiptok, Yemenek eta Libiak bat egin dute.

BNA albiste agentzia bahreiniarraren arabera, "Qatarrek Bahreingo segurtasunean eta egonkortasunean, eta barne arazoetan etengabe" eragin nahi duelako hartu du erabakia.

Gauzak horrela, Bahreinek "diplomazia harremanak eten ditu Qatarrekin, segurtasun nazionala mantentzeko", eta horretarako 48 orduko epea eman die diplomazia lanetan dihardutenei herrialdetik alde egiteko. Qatarren dauden bahraindarrak ere herrialdetik irtengo dira.

Ohar baten bidez gaineratu duenez, Bahreingo herritarrak Qatarrera joatea eta Qatarrekoak Bahreinera joatea debekatuko du. 14 egun izango dituzte hiritar qatartarrek herrialde horretatik irteteko.

Qatarren eta Persiar Golkoko herrialdeen arteko tentsioak gora egin du azken egunotan, QNA Qatarko albiste agentziak argitaratutako informazio baten ostean. Horietan, emirrak Golkoko herrialdeek Iranen aurrean duten jarrera kritikatu zuen eta AEBrekin "tentsioa" dagoela esan zuen.

Handik gutxira, eraso informatiko baten biktima izan eta oharra faltsua zela ziurtatu zuen QNAk. Oharra gorabehera, Saudi Arabiak eta Arabiako Emirerri Batuek Hamad bin Jalifa al Zanirrek ustez egindako adierazpenez hitz egiten jarraitu zuten.

Jarrera horrek Doharen kritikak eragin zituen eta, horrezkero, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Egipto eta Barhein herrialdeek blokeatu egin dituzte Qatarreko zenbait hedabide, besteak beste, Al Yazira.

Ondoren, Yemengo Gobernuak ere bat egin du beste aurrekoek hartutako erabakiarekin, eta harremanak eten egin dituela iragarri du, huthi errebeldeak (Yemengo Gobernuaren arerioak) laguntzen dituelakoan, Saba albiste agentzia yemendarrak zabaldu duenez.

Libia izan da erabakia hartu duen azken herrialdea, baina berak ere harremanak bertan behera utziko dituela iragarri du Mohamed Dayri Kanpo Arazoetarako Ministro libiarrak.

"Qatar Airwaysek bertan behera utzi ditu Saudi Arabiarako hegaldiak, ekainak 5eko 23:59era arte", hegazkin enpresako iturri batek esan duenez. Edonola ere, bihar Qatarretik Saudi Arabiara egitekoak diren hegaldiek indarrean jarraitzen dute.

2014an ere tentsio une handiak izan zituzten Qatarrekin, ustez Anai Musulmanak babesten zituelako.

Qatar: 'Justifikatu gabeko neurriak'

Qatarreko Gobernuak penagarritzat jo du diplomazia mailako harremanak eteteko erabakia, justifikatuta ez dagoela iritzita, Al Yazira telebista kateak zabaldu duenez.

"Neurriak ez daude justifikatuta eta, berez, oinarririk gabeko salaketetan eta akusazioetan oinarrituta daude", Qatarreko Kanpo Arazoetarako Ministerioaren esanetan.

Gobernu qatartarrak esan du harremanak eteteak ez dutela herritarren eta egoiliarren bizitzan eraginik izango.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Nazioartea Estatu Islamikoa Jihadismoa albisteak Gaurko azken ordukoa Egipto gaur Qatar Zer gertatzen ari da Saudi Arabian? Asia