Mundua -
Venezuela
Konstituzio berria berresteko erreferenduma egingo duela dio Madurok
Bestalde, 46 urteko emakume bat hil da Lara estatuan, manifestazio batean tiroa jasota. Dagoeneko 62 pertsona hil dira azken hilabeteotan herrialdean izandako protestetan.
Agentziak | Erredakzioa
Konstituzio berria idazteko prozesuaren amaieran, hori berresteko erreferenduma egitea “espresuki” proposatuko duela esan du ostiral honetan Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak.
“Prozesuaren amaieran, argi eta garbi proposatuko dut, seguru, konstituzio berriaren inguruko kontsulta-erreferenduma egitea, herritarrek horrekin ados dauden esan dezaten”, azpimarratu du Madurok ministro kontseiluaren ondoren.
Ordu batzuk lehenago, Madurok Asanblea Konstituziogilea aurretik galdeketarik egin gabe abiatzeko gaitasuna duela ebatzi du Venezuelako Auzitegi Goreneko Konstituzio Aretoak. Horren aurrean, Luisa Ortega Venezuelako fiskal nagusiak azalpenak eskatu dizkio Gorenari.
“Ziur naiz erreferenduma deitzen dudanean betikoak kalera irtengo direla eta ezetz bozkatzeko deia egingo dutela”, esan du Venezuelako presidenteak. Hala ere, Auzitegi Gorenak eman berri duen ebazpena agindu bat dela eta, ondorioz, bete beharra dagoela gaineratu du.
62 hildako
Bestalde, 46 urteko emakume bat hil da Lara estatuan (Venezuelako mendebaldean), manifestazio batean tiroa jasota. Venezuelako Fiskaltzak baieztatu duenez, dagoeneko 62 pertsona hil dira azken hilabeteotan herrialdean izan diren protestetan.