Mundua -
Krisia Venezuelan
Venezuelako Gorenak konstituziogilea erreferendum gabe deitzea baimendu du
Madurok Asanblada Konstituziogilea abian jartzeko gaitasuna duela ebatzi du, horretarako ez daukala aurretik galdeketarik egin beharrik.
agentziak | erredakzioa
Venezuelako Goreneko Konstituzio Aretoak ebatzi du Nicolas Maduro presidenteak Asanblada Konstituziogilea abian jartzeko gaitasuna duela aurretik galdeketarik egin gabe. Hala, mekanismo hori deitzea nori dagokion zehaztu du, "interpretazio eskaera" bati erantzunda.
Ebazpenean agertzen denez, Konstituzioaren 347. eta 348. artikuluetan, Konstituzioa aldatzeko baldintzez hitz egiten duten horietan, ez du esaten "beharrezkoa denik aurretik erreferenduma egitea Asanblada Nazional Konstituziogilea abian jartzeko".
Gaineratu duenez, "Venezuelako herria da botere konstituziogilearen jabea eta, subiranotasunaren jabe den heinean, Asanblada Nazional Konstituziogilea abian jartzea berari dagokio".