Mundua -
HBN
Eskualde hauteskundeak deitu dituzte Venezuelan abenduaren 10erako
Hauteskunde Batzorde Nazionalak gobernatzaileak eta batzar legegileak aukeratzeko bozketa deitu du. Konstituziogilerako hauteskundeak uztailan egingo dituzte seguruenik.
agentziak
Tibisay Lucena Venezuelako Hauteskunde Batzorde Nazionaleko (HBN) presidenteak prentsaurrekoan iragarri duenez, erakundeak eskualde hauteskundeak deituko ditu abenduaren 10erako.
Lucenaren arabera, "helburu politikoa duten organizazioak balioesteko prozesua ia" bukatuta dagoenez, "azken hilabeteotan" horretan aritu ostean, eskualde hauteskundeak urte bukaerarako deitzea erabaki du erakundeak.
"Justizia Auzitegi Nagusiak urrian emandako epaiaren arabera, eta iaz 2017ko hauteskundeen egutegia iragarri genuela kontuan hartuta (…) abenduaren 10ean eskualde hauteskundeak deitzea erabaki dugu", azaldu du prentsaurrekoan.
"Horretarako, saio bat egingo dugu ostegunean 15:00etan, bi kronogramak onartzeko", Asanblea Konstituziogile Nazionala aukeratzeko hauteskundea dela eta gaineratu duenez, uztailaren amaieran egitea aurreikusi baitute.
Lucenaren hitzetan, HBNk uste du "nazio osoak gainditu nahi duela venezuelarrak armonian eta ezberdintasunak onartuta bizitzeko nahia jazartzen eta kaltetzen duen indarkeriazko pasartea".
Atxilotu bat polizia bat hiltzea egotzita
Venezuelako Ministerio Publikoak (MP) zabaldu duenez, gizon bat atxilotu dute, maiatzak 15ean Carabobon izan zen manifestazio batean agente bat hiltzea leporatuta.
Ohar baten bidez MPak azaldu duenaren arabera, "Gerardo Alvarez (32 urte) atxilotua izan da, Jorge Escandon Carabobo estatuko poliziaren heriotza ustez eragin zuelako", "Naguanagua udalerrian izan zen manifestazio batean".