Mundua -
51 egunetan
Protestetan 2.632 lagun atxilotu dituztela salatu du Venezuelako oposizioak
Bestalde, Nicolas Madurok berriro egotzi dio Donald Trumpen "esku inperialistari" Gobernuaren aurkako protestak sustatzea.
agentziak
Venezuelako Gobernuaren aurka egindako manifestazioetan, 2.632 pertsona atxilotu dituzte azken 51 egunotan, Henrique Capriles oposizioaren buruak salatu duenez.
"2.632 pertsona atxilotu dituzte dagoeneko. 1.050 lagunek jarraitzen dute atxilotuta, preso", ohartarazi du Caprilesek Periscope bidez egindako emanaldi batean.
Bi aldiz Venezuelako presidentegai izandakoaren esanetan, Altos Mirandinosen (Caracastik gertu) 270 pertsona atxilotu dituzte. Inguru horretan, blokeoak eta lapurretak ere izan dira.
Caprilesen arabera, "331 zibil eraman dituzte auzitegi militarretara", eta horietako 168k militarren esku jarraitzen dute, "Armadaren jurisdikziopean".
Bestalde, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak berriro egotzi dio Donald Trumpen "esku inperialistari" Gobernuaren aurkako protestak sustatzea.
Horrez gain, beste gazte bat hil da, oposizioaren arabera, eta, ondorioz, guztira 48 dira jada protestak hasi zirenetik hildakoak.