Mundua -
Venezuela
Gutxienez 46 pertsona zauritu dira Caracasen izandako protestetan
Poliziak gas malko eragileak erabili ditu Venezuelako hiriburuko ekialdean izandako manifestazioak gelditzeko. Pertsona bat atxilotu dute, ‘El Universal’ egunkariaren arabera.
Agentziak | Erredakzioa
Ramon Muchacho Chacao udalerriko alkateak aditzera eman zuenez, 46 pertsona zauritu ziren larunbatean oposizioak eta Nicolas Maduro presidentearen jarraitzaileek Caracasen (Venezuela) deitutako protestetan.
Poliziak gas malko eragileak erabili zituen Venezuelako hiriburuko ekialdean izandako manifestazioak gelditzeko. Pertsona bat atxilotu zuten, 'El Universal' egunkariaren arabera.
Chacaito, Chacao, El Rosal eta El Bosque eremuetan egin zuten protesta manifestariek, Venezuelako Barne eta Justizia Ministeriora hurbiltzeko asmoz, oposizioak "Somos Millones" (milioika gara) lemapean zehaztutako ibilbidean.
Francisco Fajardo autobidea itxi zuten goizeko lehen orduan, bi noranzkoetan. Izan ere, Altamira, Petare, Chacaito, Santa Monica, Santa Fe eta Caurimare auzoetatik etorritako manifestarien sarbide nagusia da.
Ministeriora joateko bideari ekin ziotenean, manifestariek eta Poliziak liskarrak izan dituzte, azken hilabetean ohikoa bihurtzen ari den moduan.
Juan Guaido oposizioko diputatuaren esanetan, hainbat agentek manifestari bat atxilotu zuten, "ezer esan gabe".
Horrez gain, Hernique Capriles Mirandako estatuko agintariak borrokan jarraituko dutela berretsi du, "ez baitago atzera bueltarik. Konstituzioa babesten jarraitu behar dugu, demokrazia aldarrikatzeko".