Mundua -
Venezuela
Venezuelako oposizioa kandelekin atera da kalera protesta egitera
Bitartean, Legebiltzar Nazionalak errefusatu egin du Madurok ezarritako salbuespen egoera.
Agentziak | Erredakzioa
Oposizioak deituta milaka venezuelar atera ziren atzo, asteazkena, gauean kandelak eskuan zituztela Caracasen eta herrialdeko beste zenbait estatutan; aldi berean, Venezuelako Legebiltzar Nazionalak errefusatu egin zuen Nicolas Madurok ezarritako salbuespen egoera eta larrialdi ekonomikoa.
Hartara, Maduroren Gobernuaren aurkakoek Batasun Demokratikoaren Mahaiaren (MUD) deialdiarekin bat egin zuten, eta bi orduz omendu zituzten, kandelak eskuetan zituztela, Gobernuaren kontrako protestatan hildakoak.
Besteak beste, Caracasen eta beste hainbat estatutan (Tachira, Carabobo, Zulia) egin zuten protesta.
Freddy Guevara Legebiltzarreko presidenteordeak adierazi zuenez, arratsalde-gau partean egindako elkarretaratzen horietan ez zen istilurik izan; hala ere, Caracaseko ekitaldiaren amaieran zenbait manifestarik Fancisco de Miranda etorbidea blokeatu zuten kamioi bat erabiliz, Efe agentziak egiaztatu ahal izan zuenez.
Venezuleako opozioaren manifestazioa Caracasen. Argazkia: EFE
Legebiltzar Nazionalak errefusatu egin du salbuespen egoera
Aldi berean, oposizioaren kontrolpean dagoen Venezuelako Legebiltzar Nazionalak saio bat egin du, eta, bertan, errefusatu egin du asteartean Nicolas Madurok onartu zuen salbuespen egoera eta larrialdi ekonomikoa.
Freddy Guevararen aburuz, asteartean onartutakoa 2016ko urtarriletik jadanik indarrean dagoen beste salbuespen eta larrialdi ekonomiko dekretuaren "pareko irrigarrikeria" da.
15 urteko adingabe bat hil da
Bestalde, dagoeneko 44 dira Venezuelako protestatan hildakoek; izan ere, atzo 15 urteko adingabe bat hil zen, asteartean Tachira estatuan egin zen manifestazioa batean tiro bat jaso ondoren. Dena dela, itxura denez, gaztea ez zen manifestazio horretan parte hartzen ari.
Tachirak eta Venezuelako beste zenbait estatuk istiluak eta Gobernuaren aurkako protesta handiak hartu dituzte azkenaldian. Horren aurrean, Maduroren Gobernuak Kolonbiarekin muga egiten duen Tachira estatua militarizatzea erabaki du Zamora Planaren bigarren fasea martxan jarrita.