Mundua -
Venezuela
Osasun ministroa kargutik kendu du Madurok
Venezuelako presidenteak ez du azaldu zergatik kargugabetu duen. 2016ko hilkortasun datuak jakinarazi ditu berriki Osasun Ministerioak, eta, iturri batzuen arabera, horrekin du zerikusia erabakiak.
Agentziak | Erredakzioa
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak kargutik kendu du Antonieta Caporales Osasun ministroa, kargugabetzearen arrazoiak zehaztu ez baditu ere.
Aldizkari Ofizialak jaso duenez, Luis Lopez Chejade izango da Osasun ministro berria, Aragua Estatuko Osasun idazkaria izandakoa.
Madurok ez du kargugabetzearen inguruko azalpenik eman. Iturri batzuen arabera, Osasun Ministerioak berriki kaleratu dituen hilkortasunaren inguruko datuekin du zerikusia.
Asteazkenean argitaratu zuten txostena, ia bi urtez datu estatistikorik eman gabe egon ostean. Haurren hilkortasun tasa % 30 igo zen 2016an, eta amaren hilkortasun tasa, % 65.
Zero eta urtebete arteko 11.466 ume zendu ziren iaz Hego Amerikako herrialde horretan, 2015ean baino % 30,12 gehiago. Hauek dira heriotza gehien eragin zituzten gaixotasunak: sepsia, pneumonia, jaioberriaren arnas zailtasunaren sindromea eta prematuritatea.
756 emakume hil ziren haurdunaldian eta erditu ostean, 2015ean baino % 65,79 gehiago.
Iaz 240.613 malaria kasu izan ziren Venezuelan, aurreko urtean baino % 76,4 gehiago. Zika kasuek ere gora egin zuten: 59.348 (2015ean, 71 izan ziren).