Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
FBIko zuzendari ohia: 'Ez diot buelta gehiagorik emango erabakiari'
Donald Trumpek azaldu duenez, lan ona egiten ari ez zelako egotzi du James Comey FBIko zuzendari ohia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
James Comey FBIko zuzendari ohiak orain arte lankide izan dituenak agurtu ditu, Donald Trump AEBko presidenteak bera kargugabetzea erabaki ostean. Eskutitz batean adierazi duenez, ez du denborarik galduko erabaki horretaz eta kanporatzeko moduaz pentsatzen.
Lau paragrafoko mezu horretan dioenez, jakin badaki presidenteak edozein unetan egotzi dezakeela FBIko zuzendaria, "arrazoiren batengatik edo inolako arrazoirik gabe". "Ez dut denborarik galduko kaleratzeko erabakiari eta moduari buruz pentsatzen", adierazi du. "Espero dut zuek ere beste horrenbeste egitea. Eginda dago eta ongi egongo naiz, nahiz eta zuen hutsunea sumatuko dudan", nabarmendu du CNN telebista kateak zabaldutako mezuan.
Departamentuko lankide ohiak gogoan izan ditu, eta "garai nahasietan" estatubatuarrek FBI agentzia "lehiakortasun, zintzotasun eta independentzia arroka" gisa ikusi behar dutela esan die.
"Espero dut gure baloreak, misioak eta estatubatuarrak babesten eta Konstituzioa defendatzen jarraituko duzuela. Hori egiten baduzue, FBI uztean tristezia sentituko duzue baina estatubatuarrak salbu egongo dira", azpimarratu du.
Azkenik, lankideekin lan egitea bere bizitzako poz handienetakoa izan dela ziurtatu du. "Eskerrik asko guztioi opari horrengatik", gaineratu du.
Comeyk aurreko astean esan zuenez, Huma Abedin Hillary Clintonen aholkulari ohiak milaka mezu elektroniko bidali zituen bere senarraren ordenagailutik. Alabaina, hori ez zen gertatu, eta Comeyk hanka sartu zuen Kongresuan.