Mundua -
Venezuela
Oposizioak uko egin dio Asanblea Konstituziogilea eztabaidatzeko bilerari
Nicolas Maduroren aurka protesta egiteko kalera irten eta manifestazioekin jarraitzea eskatu diete oposizioko liderrek haien jarraitzaileei.
Agentziak | Erredakzioa
Venezuelako oposizioaren liderrak bart iragarri zuen bezala, Batasun Demokratikoaren Mahia (MUD) ez da Presidente Batzorde Konstituziogilearen bileran izan astearte honetan, eta Nicolas Maduroren Gobernua bakarrik utzi du batzorde horretan. Gainera, azken asteotan bezala, protesta egiteko asmoz ehunka hiritar atera dira kalera, herrialdearen barnealdean.
Oposizioak argi utzi du momentuz ez duela bilera horretan parte hartuko, eta Elias Jaua Hezkuntza ministroari zuzendutako gutun batean topaketa hori “legez kontrakoa eta konstituzioaren aurkakoa” dela azpimarratu dute. Ildo horretatik, biltzar konstituziogilea deitu aurretik herri galdeketa egin behar dela ziurtatu du oposizioak.
“Biltzar konstituziogilea deitzen duten agintariek, aurretik herritarrei galdetu beharko diete, derrigorrez, galdeketa baten bidez”, dio Hezkuntza ministroari igorritako gutunak. Elias Jaua Nicolas Madurok sortutako batzorde konstituziogilearen presidentea da. Antolamendu juridiko berria ezarri eta Estatua berrantolatzea dira prozesu horren helburu nagusiak.
Arrazoi horregatik, Caracas hirian zein herrialdearen barnealdean kalera irtetea eta manifestazioekin jarraitzea eskatu diete oposizioko liderrek haien jarraitzaileei, azken asteotan egindako protestetan pertsona ugari zauritu diren arren.
Oposizioak 38 egun daramatza jada kalera irteten eta Nicolas Maduroren aurka protesta egiten. Kasu batzuetan, manifestazio horien ostean bi aldeen artean indarkeria nagusitu da eta zauritu ugari egon dira.