Mundua -
Venezuela
Madurok prozesu Konstituziogilean parte hartzera gonbidatu du oposizioa
Gobernu venezuelarrak " esparruak sortu nahi ditu gatazka politikoa modu baketsuan konpontzeko", azaldu dutenez. Bestalde, chavisten aurkako gizon batek ikasle bat hil du tiroz.
agentziak
Venezuelako Gobernuak Batasun Demokratikoaren Mahaia oposizioaren aliantza gonbidatu du datorren astelehenean egitekoa den bilerara, Asanblea Nazional Konstituziogilea deitzeko "ekimena, modu formalean", aurkezteko.
Elias Jaua Asanblea Konstituziogilerako Presidentetzaren Batzordeko buruak Twitterren argitaratutako agiri baten bidez zabaldu duenez, bilera horretan deialdiaren "programaren helburuak" ezagutzera emango dituzte.
Batzarra 17:00etan (gurean) egingo dute, Miraflores jauregiko Ayacucho Aretoan eta, besteak beste, Nicolas Maduro presidenteak aurkeztutako ekimenaren inguruko ekarpenak, iritziak eta aholkuak helaraztea da helburua.
Halaber, Gobernu venezuelarrak "esparruak sortu nahi ditu gatazka politikoa modu baketsuan konpontzeko", azaldu dutenez.
Horrez gain, Jauaren esanetan, presidente venezuelarrak aginduta luzatu du gonbidapena.
Ikasle bat tiroz hilda
Jose Antonio Anzoategui Lurraldeko Unibertsitateko ikasleen ordezkari chavista hil dute tiroz El Tigre hirian, Azoategui estatuan, Venezuelako Fiskaltzak eta oposizioko hango diputatu batek adierazi dutenez.
Fiskaltzak, ohar baten bidez azaldu duenaren arabera, Joan Lopez Manjares, 33 urtekoa, eta Unibertsitate Zentroetako Federakundearen presidentea "ikasleen arteko batzar batean egon dira" eta, "bukatutakoan, han zegoen pertsona bat gerturatu zitzaion eta hainbat tiro bota dizkio".
Lopez hil duen pertsonak, orduan, ihes egin du "motozikleta batean, El Tigre -Ciudad Bolivar- errepiderako noranzkoan", Fiskaltzaren hitzetan.