Mundua -
Prozesuak bi urte iraungo du
Venezuelak uko egin dio Amerikako Estatuen Erakundeko kide izateari
Erakundeak Kanpo Arazoetarako ministroen bilera deitu zuen herrialdearen egoera aztertzeko, Venezuelaren iritzian, ekimen hori "herrialdean esku hartzeko eta kontrolatzeko saiakera da".
agentziak | erredakzioa
Nicolas Maduroren Gobernuak uko egin dio Amerikako Estatuen Erakundeko (AEE) kide izateari, Delcy Rodriguez Venezuelako Kanpo Arazoetarako ministroak asteazkenean iragarri duenez. Izan ere, bezperan ohartarazi zuen Venezuelak utzi egingo ziola kide izateari, erakundeak Kanpo Arazoetarako bilera bere oniritzirik gabe deituz gero.
"Venezuelak AEEtik alde egingo du, duintasunagatik, bere independentziagatik, burujabetzagatik eta gure aberriaren etorkizunagatik", esan du kantzilerrak.
Gainera, telebista publikoan egindako agerraldian azaldu duenez, "ordu batzuk lehenago iragarri bezala" AEEk "subiranotasunaren aurkako ekintza intrusibo, ilegal, arbitrario, okerrak eta baldarrak egiten jarraitzekotan", Caracasek "berehala" abiaraziko du erakundetik banantzeko prozesua.
Rodriguezek gaineratu du Estatuburuaren agindua izan dela, "jakin badakigulako bilera horren atzean (…) gure herrialdean esku hartzeko eta kontrolatzeko saiakera badagoela", esan du.
Kanpo Arazoetarako buruak, era berean, gaineratu duenaren arabera, ostegunean Venezuelako Gobernuak erakundea salatzeko gutuna aurkeztuko dio AEEari, eta banantzeko prozesua abiaraziko du (24 hilabete iraungo du).
"Esan beharra daukat hemendik aurrera Venezuelak ez duela parte hartuko herrialde talde honek gure herrialdeko bakea nahasteko helburuarekin egingo dituen inolako ekitaldi eta jardueretan", Rodriguezen hitzetan.