Mundua -
Bigarren itzulia
Le Penek uko egin dio FNren buruzagitzari, hautesle gehiago lortzeko
Bestalde, Fillonek ez du hauteskunde legegileetan parte hartuko, zilegitasuna galdu duelakoan. François Hollande Frantziako presidenteak Macronen alde egin du.
agentziak | erredakzioa
Marine Le Pen buruzagi ultraeskuindarrak iragarri du Fronte Nazionalaren buruzagitza utziko duela behin behinean, hautesle gehiago lortzeko eta maiatzaren 7ko presidentzialetan Emmanuel Macroni aurre egiteko.
"Uste dut ezinbestekoa dela FNren buruzagitza uztea. Gaur gauean ez naiz FNren presidentea, presidentegaia naiz, frantziarrak esperantza, oparotasun eta segurtasun proiektuaren inguruan bildu nahi dituen hautagaia", adierazi du France 2n egin dioten elkarrizketan.
Presidentegai eurofobo eta protekzionistak esan du horrela "libreago" sentituko dela, "alderdiaren aginduei men egin gabe".
Fillonek uko egin die legegileei
François Fillon hautagai kontserbadoreak, berriz, ekaineko hauteskunde legegileei egin die uko, lehenengo itzulian jasotako porrotak zilegitasuna kendu diola iritzita.
"Legegileetan beste borroka bat hasiko da. Ez dut zilegitasunik zuekin batera borroka egiteko", adierazi du Errepublikanoen Batzorde Politikoak egin duen bileran.
Hollanderen babesa Macroni
Bestalde, Emmanuel Macron sozioliberalak François Hollande Frantziako presidentearen babesa jaso du, bigarren itzulian ultraeskuindarraren gainetik gera dadin.
Hollande sozialistak Eliseoan ohartarazi du presidente ultraeskuindarra edukitzeak ondorio moralak eta ekonomikoak eragingo lituzkeela, eta horren aurrean, "mobilizatu" beharra dagoela. Horregatik, "Emmanuel Macronen aldeko botoa emango dut", gaineratu du.
Hala ere, ikusteke dago Hollanderen babesak kalte edo mesede egingo ote dion Macroni, agintari sozialistak oso fama txarra baitu uneotan.