Mundua -
Presidenterako hauteskundeak
'Herriaren hautagai' gisa aurkeztu du bere burua Le Penek
Marine Le Pen ultraeskuindarrak eta Emmanuel Macron sozioliberalak lehiatuko dute Frantziako Presidentetza, maiatzaren 7an egingo diren hauteskundeen bigarren itzulian.
Agentziak | Erredakzioa
Marine Le Pen Fronte Nazionaleko buruak presidente izateko hauteskundeen bigarren itzulian bere alde bozka dezatela eskatu die "abertzale guztiei". "Aukera historiko baten aurrean" daudela nabarmendu du, eta bigarren itzulira "herriaren hautagai gisa" aurkeztuko dela gaineratu du, Frantziako gaur egungo presidentearen (François Hollande) "oinordekoa" menderatzeko gertu.
"Frantziarrak Eliseora eramango dituen lehendabiziko etapa gaindituta dago", esan du Le Penek bere jarraitzaileen aurrean, maiatzaren 7ko bigarren itzulira sailkatu dela ospatzeko egin duen agerraldian. Horrenbestez, 2002an bere aitak lortutako emaitza bera eskuratu du.
Ultraeskuineko buruak "alternantzia handia" gauzatzeko "aukera historikoa" aprobetxatzeko deia egin du. Le Penen aburuz, hauteskundeetako emaitzek "herriak burua altxatzen duela erakusten dute", "globalizazio basatia" sustatzen duten programen aurrean.
"François Hollanderen oinordekoarekin ez da alternantzia helduko", ohartarazi du Emmanuel Macroni erreferentzia eginez. "Ni naiz herriaren hautagaia. Abertzale guztiei egiten diet dei, datozen lekutik datozela".