Mundua -

Presidenterako hauteskundeak

Frantziako inoizko hauteskunde lehiatuenak, terrorismoaren itzalpean

Macron eta Le Pen daude inkesten buruan, eta horiek atzetik dauden François Fillon kontserbadorea eta Jean-Luc Mélenchon ezkertiarra.

Frantziako hauteskundeetako kartelak. Argazkia: EFE
Frantziako hauteskundeetako kartelak. Argazkia: EFE
Terrorismoaren itzalpean bozkatuko dute bihar frantsesek

1:41

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzian bizi diren 45 milioi hautesle baino gehiagok eta atzerrian dauden beste 1,3 milioi frantziarrek igande honetan erabaki beharko dute nork ordezkatuko duen François Hollande presidentea, bost urteko gobernu sozialista atzean utzita.

Lau hautagaik dute bigarren itzulira sailkatzeko aukera; alabaina, gutxi dira emaitza bat aurreikusten ausartzen direnak; izan ere, zalantzan daudenek eta terrorismoarekiko beldurrak azken emaitzan eragin baitezakete. Hauteskundeetatik garaile ateratzen denak bost urteko agintaldia izango du aurretik, eta beste behin errepikatu ahal izango du karguan.

Parte-hartzeari dagokionez, % 73koa izatea aurreikusi dute, 2002az gero egindako hauteskundeetako lehen itzulian izan den baxuena.

Bi faborito nagusi

Emmanuel Macron sozioliberala eta Marine Le Pen ultraeskuindarra dira Frantziako presidente izateko hauteskundeak irabazteko hautagai faboritoak, Ipsos etxeak argitaratutako inkesta baten arabera. Macronek botoen % 24 lortuko luke; Le Penek, berriz, % 22.

François Fillon kontserbadorea eta Jean-Luc Mélenchon ezkertiarra daude ondoren, berdinduta. Botoen % 19 lortuko luketela jakinarazi du "France Info" irrati-kateak.

Benoît Hamon sozialistak, berriz, puntu bat galduko luke (botoen % 7,5), Ipsosek egindako azken inkestarekin alderatuta. Gainerako sei hautagaiek ez lukete bozen % 5 baino gehiago izango.

Horrenbestez, lau dira maiatzaren 7an egingo den bigarren itzulira sailkatzeko aukerekin dauden hautagaiak. Adituen arabera, zalantzan daudenek (oraindik hautesleen % 30 inguruk ez daki nori emango dion boza) eta terrorismoarekiko beldurrak azken emaitzan eragin dezakete.

Hauteskunde irekiagoak eta terrorismoaren itzalean

Joan den ostegunean atentatua izan zen Parisen, Eliseoko Zelaietan, Frantziako hiriburuko lekurik sinboliko eta jendetsuenetakoa. Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen erasoa. Hori dela eta, Bernard Cazeneuve Frantziako lehen ministroak duenez, hauteskundeen lehen itzuliaren segurtasuna bermatzeko neurriak indartuko dituzte.

Aldi berean, Frantziak aurre egin behar dituen arriskuak nabarmentzeko baliatu du Le Penek joan zen osteguneko polizien aurkako erasoa, eta immigrazioa kontrolatzeko eta mugak ixteko mezua hedatu du beste behin ere. Dena den, ikusteke dago, ea ekintza horrek dagoeneko sendotuta dauden alderdiei mesede egiten dien edota Macron eta Melenchonek gidatzen dituzten hautagaitza pertsonalistagoak hauspotzen dituen.

Printzipioz, igande gauean ezagutuko da emaitza. Hauteslekuek (66.000 baino gehiago) 8:00etan irekiko dituzte euren ateak eta 19:00etara arte egongo dira irekita; aitzitik zenbait hiri handitan 20:00ak arte luzatuko dute bozkatzeko aukera. Une horretara arte ez da inongo datu ofizialik emango, parte-hartzearena salbu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Frantzia argazkiak Eguneko albisteak Hauteskundeak Frantzia