Mundua -
Gatazka
Ipar Koreak arma nuklearrak erabilita eraso egiteko prest dagoela esan du
Ipar Koreako armadak armategia erakutsi du ‘Eguzkiaren Egunaren’ desfilearen ospakizunean; besteak beste, hainbat misil balistiko.
Agentziak | Erredakzioa
Choe Ryong-hae Ipar Koreako Langileen Alderdiko presidenteordeak Piongiangen egindako desfile militar batean adierazi duenez, Ipar Koreako armada "prest dago AEBren aurka guda hasteko, arma nuklearrak erabilita".
"Erabat prest gaude guda bati aurre egiteko gure arma nuklearrekin, gerra edonolakoa izanda ere, AEBk Koreari eraso eginez gero", adierazi du Kim Il-sung herrialdearen sortzailearen 105. urteurrena ospatzeko egindako erakustaldi militarrean Ryong-haek emandako hitzaldian.
"Eguzkiaren Egunaren" desfilean, Kim Jong-un liderra buru dela, Ipar Koreako armadak armategia erakutsi du; besteak beste, kontinentearteko irismena duen jaurtigai berri bat.
"AEBk zuhurtziagabe probokatzen bagaitu, gure indar iraultzaileak berehala kontraeraso egingo dio, eraso suntsitzaile batekin. Erabateko guda bati erabateko gerra batez erantzungo diogu, eta eraso nuklearrak badira, gure arma atomikoekin erantzungo diegu", esan du Choek.
Horrez gain, AEBri leporatu dio Koreako penintsula hegoaldean arma nuklearrak hedatzea. Izan ere, "lurraldeko eta mundu osoko bakea eta segurtasuna arriskuan jartzen duen egoera tirabiratsua sortu du horrek", salatu du.
Orain dela gutxi, hegazkinak eramateko itsasontzi nuklear bat bidaltzea erabaki zuen Washingtonek, Piongiangek bidalitako misilei erantzuteko. Halaber, Jucheren erregimena egiten ari den arma-aurrerapenak gelditzeko badaezpadako erasoa burutzea aztertzen ari da Washington.