Mundua -
Latinoamerika
Estatu kolpea eman izana 'gezurra' dela esan du Venezuelak
Auzitegi Gorenaren erabakiaren ondoren hainbat herrialdeek erakutsi duten kezkarengatik bidali du Venezuelako Gobernuak idatzi ofiziala.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Venezuelako Atzerri Ministerioak esan duen arabera, 'gezurra' da Gobernuak Gorenaren bidez Estatu kolpea eman izana. "Eskuineko gobernu intoleranteen" aldetik "erasotzat" jo duena "gaitzetsi" du.
Auzitegi Gorenaren erabakiaren ondoren hainbat herrialdeek erakutsi duten kezkarengatik bidali du Gobernuak idatzi ofiziala. Gorenak Parlamentuaren (oposizioaren kontrolpean) eskumenak hartuko zituela esan zuen, Ganberak "desobeditzen" jarraitzen duelako.
"Estatu Departamentuak eta Ameriketako Estatu Batuek, eskuineko gobernu intolerante eta inperialismoaren aldekoek egindako erasoa gaitzetsi du Venezuelak. Datu faltsuekin eta bidegabekeriekin Venezuelako Zuzenbidezko Estatuaren eta agindu konstituzionalaren kontra egin nahi dute", irakur daiteke idatzian.
Herrialdearen egonkortasun eta bakearen kontra egiteko planak eten eta saihesteko, Venezuelak "akzio politikoak eta diplomatikoak aplikatuko " dituela ere aditzera eman dute.
Kolonbia, Argentina, Txile, Brasil, Peru, Panama, Costa Rica, Guatemala, Kanada eta Ameriketako Estatu Batuak dira Venezuelako Gorenaren erabakiarengatik kezka helarazi dutenen artean dauden hainbat herrialde.
Bolivia, berriz, Nicolas Maduroren Gobernuari "erabateko babesa" iragarri dio.