Mundua -
AEB
Epemugarik gabe blokeatu dute Trumpen migratzaileen gaineko debekua
Halere, ez da behin betiko neurria, Trumpen Gobernuak bi epaitegiren aurrean helegitea aurkezteko aukera baitu oraindik.
agentziak | erredakzioa
AEBko epaile batek mugagabe egin du orain arte behin behinean ezarritako blokeoa, Donald Trump presidente estatubatuarrak bultzatutako migratzaileen gaineko debekua dela eta, jatorri musulmaneko sei herrialdetatik etorritako pertsonak AEBn sartzea behin behinean galarazteko.
Derrick K. Watson epaile federalak (Hawaiin jarduten da) hartu du erabakia baina, edonola ere, Trumpen Gobernuak helegitea aurkezteko aukera dauka, Bederatzigarren Zirkuituko Apelazioen Epaitegiaren aurrean, Auzitegi Gorenera jo baino lehen.
Watsonek behin behinean blokeatu zuen aurreko martxoaren 15ean, indarrean sartu behar zen egunaren bezperan, Douglas Chin Hawaiiko fiskalburuak -demokrata- hala eskatuta.
Epailearen erabakia Trumpen haserrea eragin zuen. AEBko Konstituzioaren klausula bat urratzen zuela argudiatu zuen epaileak, hain zuzen, erlijio-askatasuna bermatzen duena.
Lehen ebazpen horren ondoren, Chinek behin behineko neurria zena mugagabe bihurtzea eskatu zion epaileari, eta hori da asteazkenean hartutako erabakia. Hortaz, Trumpen debekua ez du inolako indarrik, Apelazioen Auzitegira edo Gorenera jo eta horiek kontrakoa ebatzi ezean.
Chin ziur agertu da Watsonek hartu duen "erabaki arrazoitua" gailendu egingo dela Trumpen helegiteen aurrean.
Watsonek blokeatutako debeku horrek bertan behera utzi zuen errefuxiatuak hartzeko programa 120 egunez, eta Iran, Somalia, Sudan, Siria, Yemen eta Sudanetik etorritako pertsonak 90 egunez sartzea debekatzeko erabakia.
Lehenengo debekuan ez bezala, azken horrek ez zien sartzea galarazi Iraketik etorritako herritarrei eta Siriako errefuxiatuen gaineko debekua aldatu zuen; hasieran behin betiko sartzea debekatu zieten eta, ondoren, 120 egunez.