Mundua -
Erresuma Batua
'Brexit'aren harira Erresuma Batuaren batasunaren alde egin du Mayk
Theresa Mayk eta Nicola Sturgeonek bilera egin dute eta, bertan, EBtik irteteko prozesuaz eta Eskoziaren independentziari buruzko erreferendumaz hitz egiten dute.
Agentziak | Erredakzioa
Astelehen honetan Erresuma Batuaren batasunaren alde egin du Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak, asteazkenean Europar Batasuneko (EB) kide izateari uzteko prozesua martxan jarri aurretik.
Theresa Mayk eta Nicola Sturgeonek bilera egin dute eta, bertan, EBtik irteteko prozesuaz eta Eskoziaren independentziari buruzko erreferendumaz hitz egiten dute.
Ildo horretatik, brexit-aren aurrean Bruselarekin egin beharreko negoziazio konplexuen aurrean “elkarrekin” lan egitea hobe izango dela ziurtatu du Erresuma Batuko lehen ministroak. “Eskozian, Galesen eta Ipar Irlandan errespetua handitzea esan nahi du horrek, eta, zalantzarik gabe, sinatutako autonomia akordioak indartzea. Baina sekula ez du esan nahi gure batasuna banatzen uztea, ahultzea edota herritarrak atzean uztea”, esan du Mayk.
Beste alde batetik, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak azpimarratu du Theresa Mayk oso argi hitz egin duela eta bi urteko epean 'brexit'a gauzatu aurretik Europar Batasunarekin baldintza guztiak itxita izatea espero duela adierazi du. Halaber, Londresekin eta Europar Batasuna osatzen duten gainontzeko herrialdeekin merkataritza itun berria sinatuta izatea espero duela esan du.
Dena dela, Londres eta Bruselaren arteko akordioaren xehetasun guztiak ezagutu arte Eskozian ez duela galdeketa berririk egingo adierazi du lehen ministroak. Mayk azpimarratu du ez duela bere jarrera aldatuko, eta independentziari buruzko bigarren galdeketaz hitz egiteko unea ez dela berretsi du.
Seguruenik, Edinburgoko parlamentuak astearte honetan eskatuko duela galdeketa berria egiteko baimena. 2014an egindako independentzia erreferendumean, ezezkoa nagusitu zen, eta Erresuma Batuan jarraitzeko bozkatu zutenek garaipena lortu zuten. SNP alderdiaren esanetan, eskoziarren bizi-baldintzak aldatu egin dira denbora honetan, eta, horrenbestez, beste galdeketa bat egiteko eskubidea dute.
Independentziari buruzko galdeketa 2018ko udazkenaren eta 2019ko udaberriaren artean egin nahi du Eskoziako lehen ministroak, 'brexit'aren baldintzak ezagunak direnean baina erabaki finkoa hartzeko oraindik beranduegi ez denean.